Nafarroako bertsolari gazteen txapelketa jokatuko da apirilaren 20an Iruñean

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 18a, 06:40
Txapelketan parte hartuko duten bertsolari gazteak.

Ortziraleko saioko txapeldunak eta txapeldunordeak ekainaren 9an Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa

Hamalau eta hemezortzi urte bitarteko hamaika bertsolari gaztek hartuko dute parte ortziralean Iruñean jokatuko den Nafarroako bertsolari gazteen txapelketako 32. edizioan. Maravillas gaztetxean izanen da saioa, 19:00etatik aitzinera, doako sarrerarekin eta ondoren merendua egonen da. Hameka bertsolarietatik bortz eskualdekoak izanen dira.

 

Idurre Villanueva (Barañain), Zuhara Zaratiegi (Barañain), Amaia Lasheras (Barañain), Enma Murillo (Barañain), Beñat Astiz (Barañain), Xabat Illarregi (Leitza), Etxahun Azkarraga (Etxalar), Ekhiñe Zapiain (Bera), Iratxe Muxika (Lesaka), Uxue Mesa (Lesaka) eta Ekain Alegre (Altsasu) dira Nafarroako bertsolari gazteen txapelketako 32. edizioan kantatuko dutenak.

Asier Garciak aurkeztuko du saioa eta Arkaitz Goikoetxea, Saioa Alkaizak eta Mikel Beaumont izango dira saioko epaileak.

Parte-hartzaile guztiek honako lana egin behar dute:

- Gai orokor bati kopla edo bertso bana (gehienez 5 puntukoa)

- 4 oinak emanda bertso bana

- Hitza gaitzat hartuta kopla edo bertso bana (gehienez 5 puntukoa)

Hortik lau bertsolari sailkatuko dira bigarren fasera:

- Binaka, gaia emanda, bina bertso zortziko txikian

- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso koplatan

- Buruz burukoa (kartzela)

  • Puntu-erantzun bat
  • Gaiari bertso bat

Saioa 19:00etan hasiko da Iruñeko Maravillas gaztetxean. Sarrera doakoa da eta saioa amaituta merendua izango da.

Txapelketako lehenengo bi sailkatuak ekainaren 9an Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun