Baigorriko Kulturaldia antzerkiarekin abiatuko da apirilaren 15ean

Ttipi-Ttapa 2018ko apirilaren 12a

Basaizea Kultur Batasunak aurkeztu du apirilean eginen duen Kulturaldia eta apirilaren 29ko Nafarroaren Eguna.

Apirilaren 29ko Nafarroaren Egunaren aitzinetik hainbat kultur ekitaldi prestatu dituzte

Baigorriko Basaizea Kultur Batasunak antolatuta, Nafarroaren egunaren 40. edizioa ospatuko dute apirileko azken igandean. Egun handia apirileko azken igandea bada ere, aitzinetik ere zenbait ekitaldi eginen dituzte. Apirilaren15ean, igande arratsaldeko 6etan ‘Zazpi senideko’ antzezlana eskainiko dute Le Petit Théâtre de Pain, Axut! eta Artedrama taldeek Baigorriko Bil etxean.

 

Sinopsia

Anaitasuna, txikitatik eraikitako laberintoa da, ihesbiderik gabekoa, lotura definitibo bat. Odolekoak ala biziak eskainitakoak, senideak norbanakoa osatzen du. Baina nola aritu anaia, ahizpa, neba edo arreba ebatsia izan zaigunean? Ppresondegiak, auto istripuak edo gaixotasunak bete ezinezko hutsunea sentiarazten duenean, nola dirau gurean dugun gu horrek bizirik? Bi aktore. Bi anaia. Eta zazpi istorio antzerkira ekarriak.

 

Apirilaren 21ean Mugaz gaindi kantaldia

Apirilaren 21ean, larunbatean 21:00etan Baigorriko elizan ‘Mugaz gaindi’ jazz’in college kantaldia eskaimiko dute 180 kantari gaztek.

 

Apirilaren 28an Best-of-aldia

Apirilaren 28an, larunbatean 21:00etan Baigorriko elizan, Best-of-aldia emanaldia eskainiko dute, kantu maiteak aditzeko aukera eskainiz, lagun zaharren ahotik. Urtero antolatzen den Musikaldia berezia izanen da aurten. Urte guzti hauetan egin diren musikaldi onenen bilduma izanen da, eta hortarako, Xare Laborategiko Hertz orkestraren laguntzarekin, urteren batean Musikaldian parte hartu izan duten Euskal Herriko kantari handiak eta baleako kantariak nahastuko dituen ikusgarria prestatu dute. Natxo de Felipe, Niko Etxart, Eñaut Elorrieta eta Eltzegor alde batetik, eta bertzetik, Asteazkenekoak, Kantiruki, Xendarineko ahizpak, Amaia Riouspeyrous, era Aire ahizpak, Baigorriko gaiteroekin batera.

 

Nafarroaren Eguneko egitaraua

Bertze urte batez, besta giroa izanen da nagusi apirileko azken igandean Baigorriko karriketan.  Musika, artisauen azoka, bertsolariak, dantzariak, bazkaria, haurrendako ekitaldiak, kale animazioa... ez dira faltako. 40. Aldi honetarako ikur berezia Jose Luis Zumetak margotu du.

Igandeko egun handiari dagokionez, 08:00etatik 11:00etara askaria izanen da Txakatuk taldearen musikarekin, baita Merkatia, euskal makil borroka erakusketa ere. Gaineko plazan, dantza taldeak (Altsasuko Etorkizuna, Donapaleuko Burgaintzi eta Baztango dantza taldea), ziganteak (Baigorri, Elizondo eta Donapaleukoak), txarangak (Kuxkuxtu, Ezpela eta Uztaritzeko txaranga), eta bertze izanen dira (gaiteroak, makilariak, txistulariak, Anhauzeko basaldunak, trikitilariak, Karmele eta Koldobide, bertsolariak…). 11:00etatik 13:30era desfile ikusgarria izanen da. 14:00etatik 17:00etara bazkaria izanen da Ezpela, Uztaritze eta Kuxkuxtu txarangen animazioarekin. 14:00etatik 18:00etara Irrien Lagunak izanen dira Haurren Xokoan

Herriko Etxe aitzinean, Niarawa batukada (14:00), Bokale brass band (15:00) eta Jaiak txaranga (17:00) ariko dira.

Plazan, berriz, Azken Trena taldearen emanadia (13:30), dantza ikusgarria (17:00), Kiki Bordatxo (18:30), Zezenaren Taldea (20:30), Tximberos karaokea (22:00eta 23:30), Kuartz (22:30), Anita Parker (00:30) eta TirriTaTery (01:30) izanen dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun