Lehen saio horretan, gizonezkoen 320 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute Lesakako Beti Gazte, Berriozar A eta B, Txantrea, Antsoain eta Kaskallueta taldeek; emakumezkoen 255 kiloko lehen jardunaldia Beti Gazte A eta B, Berriozar eta Antsoain taldeek; 20 urtez azpikoen lehen jardunaldia (280 kilo), Basaburua A eta B, Araxes A eta B eta Berriozar taldeek eta kadeteen lehen jardunaldia (280 kilo) Basaburua, Berriozar, Anar, Andra Mari eta Iñigo Aritza taldeek.
Lehen bi txapelak Lesakan apirilaren 21ean
Txapelketako bigarren saioa apirilaren 21ean jokatuko dute, larunbatean 17:00etan Lesakako udal pilotalekuan. Gizonezkoen 320 kiloko eta emakumezkoen 255 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute eta ondotik, bi jardunaldietan puntu gehien lortu dituzten bi taldeen arteko finala. Beraz, lehen bi txapelak banatuko dira Lesakan. 20 urtez beheitikoek eta kadeteek ere bigarren jardunaldia jokatuko dute, baina hauen ligaxka lau jardunaldikoa izanen da.
Maiatzaren 5ean Antsoainen, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute pisu handietako parte-hartze berdinarekin. 20 urtez azpikoek eta kadeteek hirugarren jardunaldia jokatuko dute.
Lau txapel maiatzaren 12an Iruritan
Maiatzaren 12an, larunbatean 17:00etan Iruritako Aranabia pilotalekuan laugarren saioa jokatuko da eta bertan lau txapel emanen dira. Izan ere, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko bigarren jardunaldiaren ondotik, finala jokatuko dute puntu gehien dituzten bi taldeek. Eta 20 urtez beheitiko eta kadete mailako laugarren jardunaldiaren ondotik ere, puntu gehien dituzten bi taldeek finala jokatuko dute.