Bidasoan izokina harrapatzeko baimena eska daiteke apirilaren 9tik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 9a, 07:04
Igande honetatik aitzinera Bidasoan izokin arrantzatzeko sasoia irekiko da.

Aurten, izokina harrapatzeko garaia apirilaren 15ean hasi eta 66. alea harrapatzen denean bukatuko da 

Azken urteotan amuarraina arrantzatzeko erabili den baimen-sistemaren antzekoa ezartzea da izokinaren arrantzan sartu den aldaketa nagusietako bat. Hau da, Bidasoa ibaiko izokin-tartean izokina arrantzatu ahal izateko, baimenarekin batera, eguneko baimen pertsonala eskatu beharko da. Aurtengo arrantza garaia apirilaren 15ean hasi eta 66. alea harrapatzen denean bukatuko da, edota uztailaren 31n, ale kopuru hori lortuko ez balitz.

 

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak eguneko 100 baimen banatuko ditu gehienez. Apirilaren 9tik aurrera, baimenak eskatu ahalko dira, internet bigarrez edo Infonavarraren 012 telefonora deituz (948 217 012 zenbakira, Nafarroatik kanpo deituz gero). Baimena egunekoa eta pertsonala izanen da. Ez dago mugarik arrantzaleko eta denboraldiko eskatu ahal den gehieneko baimen-kopuruari dagokionez.

Tramitatzeko, nahitaezkoa da arrantzaleak arrantza-baimena izatea eta Nafarroako Gobernuaren baimenei buruzko datu-basean arrantzalearen datuak zuzenak izatea. Arrantza-baimena eskuratu edo dagozkion datuak egiazta daitezke Zerbitzuen Katalogoaren bitartez.

2018ko denboraldia eta honi atxikitako egunak, eremuak, arteak, ale kopuruak eta aleen neurria arautuko dituen araudia 51/2018 Foru Aginduan zehaztu da, eta horren edukia ezagutzera emateko, arrantza-arauei buruzko foiletoa argitaratu da (gaztelaniaz eta euskaraz). Denboraldi balioduna ere aldatu da, apirileko hirugarren igandean hasiko baita (apirilaren 15ean), eta aldi bateko debekualdia ezarri da maiatzaren 28tik ekainaren 13ra bitartean (biak barne), denboraldiak izokinaren arrantzarako egun baliodunen kopuru berbera izan dezan. Arrantza garaia 66. alea harrapatzen denean bukatuko da, edota uztailaren 31n, ale kopuru hori lortuko ez balitz.

Bertzalde, arrantzaleko eta denboraldiko ezarrita zegoen 3 izokineko kupoa deuseztatu da. Aurreko urteetan bezalaxe, asteko egun guztiak izanen dira egun baliodunak, jaiegunak ez diren astearteak izan ezik, gutxieneko neurria 40 zentimetrokoa izanen da, eta maiatzaren 31 arte debekaturik dago beita naturala erabiltzea. Bere horretan mantendu da izokin bakarreko kupoa arrantzale eta eguneko eta debekatuta dago ugalketa egina duten izokinak harrapatzea.

Hainbat negutako izokinak (70 zentimetrotik gorakoak) babesteko neurri gisa, 12. alea arrantzatzen den egunaren biharamunetik hasita 7 eguneko debekualdia ezarriko da, eta horren ondoren, izokina arrantzatzeari ekin ahalko zaio berriz ere. Debekualdi hori epe baliodunetik kanpo hasiz gero, epe balioduna berriz ere hasten denean abiaraziko da, 7 eguneko debekualdia osatu arte.

Bidasoa ibaiko Izokin-Tartea Berako Fundizioen urtegian hasi eta Nafarroak Endarlatsan duen mugaraino luzatzen da. Izokina eta itsas-amuarraina bezalako espezieak arrantzatzea baimenduta dagoen leku bakarra da, baina ez dago baimenduta ibai-amuarraina arrantzatzea.

 

Itsas-amuarraina

Itsas-amuarraina harrapatu ahal izateko, Nafarroako arrantza-baimenarekin batera, berariazko baimena ere izan behar da, izokina harrapatzeko bezalaxe. Izokina harrapatzeko ezarritako epe baliodun berbera eta egun berberak ezarri dira. Arrantzale bakoitzak eguneko itsas-amuarrain bat harrapatu ahalko du, 35 eta 50 zentimetro bitartekoa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun