Bederatzi taldek jokatuko dute Baztan-Errekako 39. Laxoa txapelketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko martxoaren 28a

Arraiozko plazak hartuko du aurtengo laxoa txapelketako lehen partida.

Aste Sainduko asteburu honetan abiatu eta abuztuaren 4an jokatuko dute finala Oizko plazan

Martxoa eta apirila lotzen dituen Aste Sainduko asteburuan abiatuko da Baztan-Errekako Laxoa txapelketaren hogeita hemeretzigarren edizioa. Bederatzi talde ariko dira aurtengoan, 5 Doneztebekoak, 2 Iruritakoak eta Arraioz eta Oizko bana. Azken hiru urteetan bezala, izenaren ondotik, babesle duten etxearen izena eramanen dute taldeek. Finala abuztuaren 4an jokatuko dute Oizko plazan.

 

Bortz eta lau taldeko bi multzotan banatuta ariko dira taldeak. A multzoan, gaur egungo txapeldun diren Irurita-Miguelene (Xabi Barberena, Gorka Urtasun, Jagoba Ramos eta Egoitz Prim), Arraioz-Sagardia (Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Aritz Alunda eta Jon Gamio), Doneztebe-Zarbo.net (Felipe Ganboa, Luis Miguel Apezetxea, Jesus Mari Zabala eta Jose Mari Anzizar beteranoak), Oiz-Kokoetxea (Ioritz Zelaieta, Aimar Saldias, Jon Oiartzabal eta Iñaki Mendiola) eta Doneztebe-Mikelo (Josu Juanena, Xabier Ibarrola, Unai Sapuppo eta Julen Etxebeste) ariko dira.

B multzoan, berriz, Irurita-Olari (Jorge Azkarate, Joseba Urtasun, Guillermo Etxenike eta Iñaki Etxandi), Doneztebe-Avia (Javier Almandoz, Asier Mutuberria, Jokin Apezetxea eta Juan Telletxea), Doneztebe-The Moment, (Pascual Bertiz, Koldo Legarra, Javier Bertiz eta Jokin Arraztoa) eta Doneztebe-Apezteguia (Jon Apeztegia, Ramontxo Etxebeste, Joseba Juanena eta Ibai Santesteban) ariko dira.

Multzo bakoitzeko lau lehenbizikoek final laurdenak jokatuko dituzte ekainaren 23 eta 30ean eta uztailaren 7an; irabazleek finalaurrekoak jokatuko dituzte uztailaren 14, 21 eta 28an eta finala Oizko plazan jokatuko da abuztuaren 4an.

 

Lehenbiziko jardunaldia asteburuan

Aipatu bezala, asteburu honetan jokatuko da lehen jardunaldia, A multzoko bi partidekin. B multzokoek ez dute jardunaldirik izanen.

A Multzoa

Doneztebe Zarbo.net – Oiz Kokoetxea, igandean 17:00etan Bear Zanan.

Arraioz Sagardia – Doneztebe Mikelo, larunbatean 17:00etan Arraiozen.

Atsedena: Irurita Miguelene

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun