Otsailaren 2an abiatu zen 2018ko Bardoak Nafarroako taldekako bertso egitasmoa, 16 talde eta 113 parte hartzailerekin. 22 saioren ondotik, larunbatean jokatu zen finala, Lekunberriko Toki Alai sagardotegian. Ia 200 entzule izan ziren saioa bertatik bertara jarraitzen, giro ederrean. Taula gainean, hiru talde: Leitzako 'Aldatzea komeni', Baztan eta Malerrekako 'Addams familia' eta Lesakako 'Unibertsolariak'. Guztira, hamabi bertsolari izan ziren kantuan, eta talde bakoitzeko kide banak bete zituen gai-jartzaile zereginak. Azkenean, publikoko 20 lagunen eta Bardoetan parte hartu duten talde bakoitzeko kide banaren puntuak zenbatuta, Leitzako 'Aldatzea komeni' taldea izendatu zuten 2018ko Bardoetako txapeldun. Euskal produktuekin osatutako saski eder bana eta Bardoetako zapia eskuratu dute hiru talde finalistek. Irabazleak, gainera, Murugarrengo Aldaiondo sagardotegian otordu bat egiteko txartela jaso dute.
Saio dotorea
Hasierako agurrek jarri zioten abiapuntua eta umore dosia saioari. Musikak lagunduta, aurkezpenerako baliatu zuten taldeek agurra. Horren ondotik, ofizioen txandari heldu zioten. Zortziko handian, enpresariaren eta lana bilatzen duenaren paperetan aritu ziren Iker Gorosterrazu eta Josu Sanjurjo, lehenak bigarrenaren sare sozialetan arakatu eta gero. Zortziko txikian, Alazne Untxalo eta Xabat Illarregi aritu ziren: tabernan parrandan zeudela, bere telefono zenbakidun papera sartu du Illarregik Untxaloren sakelera. Seiko motzean aritu ziren gero Eneko Fernandez eta Diego Riaño, arrakastadun film euskaldun bateko aktoreen rolean. Arrakastak bidea zabalduko diela uste zuen Riaño, baina ezkor zebilen Fernandez.
Hiruna punturi erantzun zioten gero Iker Gorosterrazuk, Joanes Illarregik eta Eneko Fernandezek. Ondoren, hurrenez hurren, salbamendurako txalekoari, eskuburdinei eta krosseko dorsalari bertso bana kantatu zioten Jon Silveirak, Amaia Elizagoienek eta Xabat Illarregik. Horren ondotik, seguidilla-ren doinuan, larrua jo ondotik ohean daudenen paperetik kantatu zuten Egoitz Gorosterrazuk, Josu Sanjurjok eta Miel Mari Elosegi 'Luze'-k.
Koplen ariketan, binaka aritu ziren lehenbizi Jon Silveira eta Josu Sanjurjo, diskotekatik bota dituzten bi lagunen roletik. Kopletan ere, eskiatzen zeudela elkarri traba egin eta lurrean daudenen egoeratik aritu ziren Iker eta Egoitz Gorosterrazu. Azkenik, hegazkineko turbulentzien erdian elkarri aitortzak egiten hasi direnen larrutik kantatu zuten Joanes Illarregik eta Diego Riañok.
Bakarka Iban Garro, Alazne Untxalo eta Joanes Illarregi aritu ziren. Lehenak espero ez zuen gutuna jaso zuen. Bigarrena aspaldi ikusi gabeko tokira itzuli zen. Hirugarrenak, aldiz, lorik hartu ezin duenaren larrutik kantatu zuen.
Hirukako ofizioan, lapur bat sartu zen dendan zeudenen paperetik jardun zuten Iban Garrok, Xabat Illarregik eta Amaia Elizagoienek.
Puntukako ariketak eman zion bukaera saio puntuagarri. Leitzako taldeko kideek liburua irakurri gabe irakurle klubera joan direnen roletik jardun zuten. Malerreka eta Baztango taldekoak, aldiz, eskolako lanak egin ez eta aitzaki bila dabiltzenen ahotik aritu ziren. Lesakarrak, berriz, izeba hil berritan herentzia jaso nahi duten iloben paperetik ibili ziren.
Ariketa puntuagarri guztiak bukatuta, eta Bardoetan parte hartu duten bertze hainbat talde saritu eta gero, jakinarazi zuten talde irabazlearen izena. Orduan izendatu dute Leitzako 'Aldatzea komeni' taldea 2018ko Bardoetako txapeldun. Larraungo Bertso Eskolako, Nafarroako Bertsozale Elkarteko eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko hainbat ordezkarik banatu zituzten sariak. Horien ondotik, bertsolari guztien azkeneko agurrekin bukatu zen saioa, bertso-poteoari eta sagardotegi afariari bide emateko.