Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko manifestazioa deitu du EHEk larunbaterako

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 23a, 12:15
Euskal Herrian Euskarazeko kideak.

Mugarik Gabeko Euskara. Ofizialtasuna! lemapean, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko da, 17:30ean

Euskal Herrian Euskarazek jakinarazi duenez, «euskarari eta euskal herritarroi ezartzen zaizkigun mugak gainditu eta euskararen normalizazioan jauzi egiteko burujabetza eskuratzera goazela ozen aldarrikatzeko» eginen dute manifestazioa.

Euskal Herrian Euskarazek ohartarazi duenez, euskarak «mugak bertzerik ez» ditu eta «etorkizuna ez du ziurtatua»: «gure berezko hizkuntza euskarak muga amaiezinak ditu berreskuratzeko, etorkizuna ziurtatua izanen duen hizkuntza normalizatua izateko». Gaineratu duenez, «euskaldunok egunero-egunero pairatzen ditugu bigarren mailako hiztun izatearen ondorioak» eta «hiztun-komunitate gisa ere desegituratu egin gaituzte: euskaraz sortu eta birsortu daitekeen komunitate osoa izan ordez, hiztun-irletan sakabanatuta aurkitzen gara».

Gisa berean, «euskara eta euskaldunon aurkako ekaitzak amaiezinak» direla ere salatu du Euskal Herrian Euskarazek: «frantziar eta espaniar estatuetako botereak ez daude prest euskaldunok Euskal Herri euskalduna eraiki dezagun uztera» eta horrekin batera, «Euskararen herria, Euskal Herria. Euskaraz bizitzea debekatzen zaion herria» dela azpimarratu du.

Egoera hori dela ikusita, «jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa emateko beharra» ikusten du EHEk eta horretarako baldintzak badaudela uste du. «Honek euskarari etorkizuna eskaintzea erran nahi du, bertze edozein hizkuntza normalizatuk duen garapen eta etengabeko egokitze prozesu berdinarekin». Horretarako, garbi du «ezinbertzekoa» izanen dela «euskaltzaleon grina eta ekimena». Euskal Herria euskaratik eta euskaraz eraiki beharra dagoela dio EHEk eta «Euskal Herriaren alde daudela dioten eragile politiko, sozial eta ekonomikoei» deia egin die «euskara euren jardueren erdigunean kokatzeko» eskatuz.

Burujabetza ere nahi du EHEk: «Euskal Herriko biztanleok nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun erabaki eta indarrean jarri ahal izateko, hizkuntza-eskubideak bermatu ahal izateko, euskaraz bizi ahal izateko, Euskal Herriaren berreuskalduntzea azkartu eta bururaino eraman izateko». Espainiar eta frantziar estatuak «euskal herritarroi hizkuntzaren gaineko burujabetza osoa emateko prest ez daudela ikusita» euskaltzaleei «ahaldundu eta desobedientzarako» deia egin die EHEk. Eta horrekin batera, «euskararen borroka herriz herri eta auzoz auzo biderkatzea ezinbertzekoa dela» adierazi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun