Manu Ayerdi presidente ordeak, aldiz, uste du Belateko errepide zaharrean inbertitzeko asmoa duten 1,5 milioi euroekin (zola berrituko dute, seinalizazioa, margoketa…) eta Foruzaingoaren presentzia areagotuz, «eskaini dezakegun segurtasun maila arrazoizkoa» dela. Horregatik, Gobernuak debekua baino nahiago du nazioarteko garraioko kamioiei bertze bideak erabiltzeko aholkua ematea, bertzerik gabe.
Ayerdirekin bildu ondotik beraien iritzia eman zuten inguruko alkateek. Joseba Otondo Baztango alkateak aipatu zuenez, «ez dugu uste Belateko portuak kamioi kopuru hori guztia jasan dezakeenik, ezin dugu arrisku hori gure gain hartu eta behin eta berriz errepikatuko dugu zentzuzkoena dela nazioarteko garraioan dabiltzan kamioi horiek bertze errepide batzuetara bideratzea».
Olabeko bizilagunek hiru egunez eta 24 orduz grabatu dute errepidea eta, irudien arabera, egunero 3.900 kamioi pasatzen dira banaz bertze. 2007an egunero 2.600 igarotzen zirela dio Nafarroako Gobernuak, beraz, %33 igo da kopurua azken urtean. Azken lau hilabetetan 14 istripu izan dira, 5 hildako eta 5 zauritu larrirekin. Denbora berean, A15 errepidea hiru istripu arin bertzerik ez dira izan.
Gainera, Belateko tunelen lanak egiten dituzten bitartean Gipuzkoan ere San Lorenzoko tunela moldatzeko asmoa dute. Hortaz, alkateen ustez, «bi administrazioetako batek lanak gibeleratu beharko lituzke».