Nafarroako Parlamentuak Cristina Lainez, Dabid Anaut, Itziar Diez de Ultzurrun eta Juan Carlos Pikabea hautatu ditu Euskararen Nafar Kontseiluko kide

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 19a, 12:40
Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, ezker-eskuin: Itziar Diez de Ultzurrun, Juan Carlos Pikabea, Dabid Anaut eta Cristina Lainez.

Hizkuntzaren sustapen eta planifikazio esparruan aholkularitza eta partaidetzarako organora batuko dira kideak, eta Ganberak oraindik bosgarren kidea izendatu behar du

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Dabid Anaut leitzarra, Juan Carlos Pikabea lesakarra, Cristina Lainez eta Itziar Díez de Ultzurrun  hautatu ditu Euskararen Nafar Kontseiluko kide joan den ortziralean egindako batzarrean, Ganberak eskubidea baitu organo honetako bortz kide hautatzeko.

 

 

Cristina Lainez, Dabid Anaut eta Itziar Diez de Ultzurrun Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak proposatu dituzte eta bakoitzak 25 boto jaso ditu. Juan Carlos Pikabea UPNk proposatu du eta 15 boto jaso ditu. 9 boto zuri erregistratu dira, PSN eta PPNren boto kopuruekin bat datozenak. 

Txartelen bidezko bozketa sekretuaren bitartez egin da hautaketa, eta Parlamentario bakoitzak hiru hautagai hautatzeko aukera izan du, baita ordezkoak ere. Ordezkoak Mikel Aranburu Bergua, Koldo Pla Larramendi, Bakartxo Ruiz Jaso (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E) eta Iñaki Iriarte Lopez (UPN) dira.

Mahaiak egindako azken bilkuran, martxoaren 12an, erabaki zuenaren arabera, martxoaren 19tik aitzinera prozedura berria irekiko da Kontseilu honetan Nafarroako Parlamentuari hautatzea dagokion bosgarren kidearen hautaketarako.

Nafarroako Gobernuak 2017ko irailean onetsitako erregulazioaren arabera, Euskararen Nafar Kontseilua, Hizkuntzaren sustapen eta planifikazio esparruan aholkularitza eta partaidetzarako organoak, kanpoko kideak 17tik 30era zabaldu ditu. Sortutako kide kategoria berrien artean dago Nafarroako Parlamentuari dagokiona, ordura arte Ganberak ez baitzuen ordezkaririk organo honetan. Nafarroako Gobernuko bost ordezkariak mantendu egiten dira.

Euskararen Nafar Kontseilu berriko lehendakaria Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Kontseilaria da, eta lehendakariordea Euskarabideako zuzendaria. Kontseilua aholkularitza esparrura pasa da, euskararen sustapenerako politika publikoen partaidetza sozial iraunkorrerako tresna izatea da bere funtzioa, eta horretarako Euskarabideak babes eta laguntza administratiboa eskaintzen dio.

Erregulazio berriak gainera, bere jardueraren gardentasuna eta bere lanaren zabaltze soziala bermatzen du; eta honela, Euskararen Nafar Kontseilua behartuta dago bere urteko memoria eta burututako ikerketa zein proposamenak kontsulta publikora bideratzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun