Xorroxin Irratiak 37 urte bete ditu gaur

Xorroxin irratia 2018ko mar. 19a, 08:29

1981eko martxoaren 19an Xorroxin Irratia uhin bidez emititzen hasi zen, Erratzuko eskola zaharretik.

Herriak sorturiko irratiak herriaren sostenguari esker segitzen  dugu Baztan, Bertizarana, Malerreka, Bortziriak, Urdazubi eta Zugarramurdiko herritarren belarriak goxatzen. Urte guzti hauetan kontaezinak izan dira Xorroxin Irratiaren laguntzaile, kolaboratzaile, partehartzaileak… Herritarrak dira Xorroxin Irratiaren benetako hauspoa.

37 urte hauetan, aunitz aldatu da jendartea, eta aunitz aldatu da irratigintza oro har, baita Xorroxin Irratia ere. Erratzun hasi zuen bere ibilbidea eta egoitza desberdinak ezagutu ondotik, Elizondon eta Lesakan finkatuta ditugun estudioetatik hedatzen dugu gure  seinalea. 3 irrati-lizentzia ere baditugu Elizondo, Bera eta Lesakan.

Lagun batzuk hasi ziren irratiarekin eta geroztik urtez-urte aunitz garatu da irratia.). Gaur egun 6 langile ari gara soldatapean, 4 lanaldi osoarekin eta 2 lanaldi murriztuarekin. Hauez gain, hamarnaka laguntzaile eta kolaboratzaile ditugu.

Urte luze hauetan Xorroxin Irratiak eskualdean entzuleendako erreferente izatea lortu du, horren erakusgarri, 2015ean Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak egindako audientzia neurketa. Honen arabera, gure eskualdean (22.500 biztanle ditu) 16 urtetik goitiko 6.680 entzule ditu Xorroxin Irratiak.

Nafarroa iparraldeko irla honetatik badu Xorroxin Irratiak Euskal Herriarekiko loturarik ere. Arrosa sarean partaide da, baita Tokikomeko bazkide ere. Bide horretan, etorkizunera begira (oraina ahaztu gabe) erran.eus agerkari digitala garatu du Xorroxin Irratiak Ttipì-ttapa aldizkariarekin batera. Irratia on-line entzuteko aukera eta zintzilikatutako elkarrizketak entzuteko aukera eskaintzen du, bertzeak bertze. Berriki, gainera, gailu mugikorretarako app-a eskuragarri dago.

Alai agertzeko arrazoiak baditu Xorroxin Irratiak. 37 urte. Bada zerbait. Gazte segitzen du, aitzinet egiteko gogoz, ilusioz, eta indarrez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun