Bertizen martxoaren 16an egindako aurkezpenean, Beintzako Aterpeko Mikel Albisuk, Arantzako Aterpeko Xabi Zugarramurdik eta Euskaraz Blai Udalekuetako zuzendari Julen Egañak azpimarratu dutenez, “helburua euskara aisialdian erabiltzea da, euskararen erabilera kasu aunitzetan eskola eremura mugatzen delako”.
Euskaraz Blai 2018
Aurtengoa zortzigarren edizioa izanen da. Guztira 600 plaza eskainiko dira bi aterpetxeetan banaturik eta adin multzo ezberdinetan antolaturik. 2006-2009 urteetan jaiotako gazteak multzo batean eta 2003-2005 urteetan sortutakoak bertze batean. Ekainaren 24ean hasi eta eta abuztuaren 4ra arte eskainiko dituzte udalekuak eta uztaileko plazak ziurtatuta daude.
Kanpalekuen iraupena astebetekoa da eta denbora horretan, gaztetxoek naturarekin harreman zuzena izanen dute, espeleologia egin ahalko dute, talo tailerrak, baserrira bisitak edo zuhaitzetan jokoak, dena euskaraz.
Kontrabandisten Udaleku Ibiltaria abuztuan
13 eta 18 urte arteko gaztetxoentzat Kontrabandisten Udaleku ibiltaria eskainiko dute bigarren urtez. XX. mendean kontrabandistek zeharkatu zituzten bidezidorretan barna, gazteak Arritxulotik (Oiartzun) atera, eta Arantzako Aterpean barna, Beintzako Aterpetxera helduko dira. Bi txanda izanen dira, abuztuaren 5etik 11ra eta abuztuaren 19tik 25era. Zazpi egun eta sei gaueko ibilbidea izanen da
Euskaraz Blai Udalekuetan zein Kontrabandisten Udaleku Ibiltarian izena emateko epea martxoaren 26tik maiatzaren 13ra irekiko dute.
+ INFO: www.euskarazblaiudalekuak.com / www.kontrabandistak.com
Telefonoak: 948 592323 edo 622 728894