Eskualdeko bertsolariek jokatuko dute Bardoak ekimeneko finala

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 12a, 15:12
Addams familia eta Topa Bardo kopa! taldeek saio parekatua eskaini zuten ortziralean Erratzuko Zubipuntan.

Martxoaren 24an Lekunberrin aritzeko txartela eskuratu dute Leitzako Aldatzea komeni, Baztan-Malerrekako Addams familia eta Lesakako Unibertsolariak taldeek 

Bardoak ekimeneko bigarren faseko azken hiru saioak jokatu ziren asteburuan eta horien ondotik hiru taldek lortu dute Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenerako finalerako txartela. Baztan-Malerrekako Addams familia, Leitzako Aldatzea komeni eta Lesakako Unibertsolariak izanen dira martxoaren 24ko Lekunberriko finalean kantatuko duten hiru taldeak. 

 

Ortziralean Erratzun Addams familia eta Topa Bardo kopa! taldeak izan ziren kantuan. Herriko Zubipunta taberna lepo bete zen eta saioa parekatua joan bazen ere, azkenean etxekoek lortu zuten haien bigarren puntua eta finalerako txartela eskuratu.

Ostiralean ere, Leitzako izan ziren Bardoak. Etxeko Aldatzea komeni taldeak, Berako Ibardin: Hiru ta lau dira zazpi taldearen bisita jaso zuen. 50 lagun izan ziren gaztetxean saioa segitzen. Hemen ere etxekoek eskuratu zuten jokoan zen puntua eta bi saioak irabazita, Lekunberriko finalerako sailkatzea.

Azkenik, igandean Lesakako Arrano elkartean bigarren faseko azken saioa jokatu zuten Unibertsolariak eta (Larraun da Araitz) Bi dozena taldeek. 50 lagunek segitu zuten saioa bertatik bertara. Lesakarrek irabazi zuten saioa eta finalerako sailkatu.

Horrenbestez, aurtengo Bardoek badituzte finalistak: Baztan-Malerrekako Addams familia, Leitzako Aldatzea komeni eta Lesakako Unibertsolariak. Finala martxoaren 24an jokatuko da, Lekunberriko Toki-Alai sagardotegian. Hiru talde horietatik aterako da Bardoetako laugarren edizioko irabazlea.

Finalerako zein ondoko afarirako txartelak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun