Irakurzaletasuna bultzatzeko ‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ ekimena abiatu da aurten ere

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 12a, 07:04

Malerrekan eta Leitza, Areso, Goizueta eta Aranon martxoaren 12tik maiatzaren 31ra

Martxoaren 12 hasi eta maiatzaren 31 bitartean gauzatuko da ‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ ekimena 45 herri eta eskualdetan. Ekimenak 12. edizioa du, eta bigarren aldiz eginen da Malerrekan eta Leitza, Areso, Goizueta eta Aranon. Euskaltzaleen Topagunea eta Malerrekako Mankomunitateko eta Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko Euskara Zerbitzuak dira antolatzaileak.

 

Ekimen honek irakurzaletasuna bultzatu nahi du, herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera bultzatuz. Ekimenak parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak ematen ditu eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

1) Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.

2) Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emanen digu, zehaztutako liburu dendan erabiltzeko.

3) Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu  %35 merkeago erosteko aukera  emanen du. Apirilean eta maiatzean, 30 euroko balioa duen erosketa txeke bana zozketatuko du liburutegiko arduradunak,  hilabete bakoitzean irakurketa fitxa bete dutenen artean.

 

Bi hilabete eta erdiz martxan, martxoaren 12tik maiatzaren 31ra

Martxoaren 12an abiatuko da Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimenaren2018ko edizioa, eta maiatzaren 31n amaituko da. Bi hilabete eta erdiko iraupena izango du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 15a artekoa izanen da.

Leitzako liburutegi publikoa eta Doneztebeko liburutegi publikoak parte hartzen dute ekimenean eta liburu dendei dagokienez, Malerrekan Doneztebeko Ostiz liburu dendak, Leitza eta Areso aldean, Maimur eta Astitz liburu dendek eta Goizueta eta Aranorako Hernaniko Elkar liburu dendak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun