Martxoaren 9an egin dute Sarearen aurkezpena Bertizen, interesa agertu duten lehendabiziko 21 establezimentu turistikoei beharrezko materiala banatuta, egitasmoak bere ibilbide publikoa hasi du. Lehendabiziko urratsak, ordea, lehenagotik emanak zituen. Izan ere, iaz eskualdeko establezimendu turistiko guztiei ideiaren inguruko inkesta bat bidali zitzaien. Bertan, egitasmoaren berri emateaz gain, parte hartzeko interesa eta honetarako jarriko lituzketen baldintzen berri galdetu zitzaien. Jasotako erantzunekin eraiki zen gainerakoa.
Sarean sartu ahal izateko establezimendu turistikoetako jabeek hainbat konpromiso hartzen dituen eta, era berean, zenbait eskubide ematen dizkien agiria sinatu behar dute. Bertzeren artean, hondakinak sailkatzeko ontziak jarri behar dituzte beren establezimenduetan eta bezeroak eskualdeko hondakinen kudeaketaren inguruan informatu behar dituzte. Gai organikoa ere kudeatu behar dute. Trukean, hondakinak gaika sailkatzeko ontziak eta konpostagailuak emanen dizkiete, baita bezeroei informazioa helarazteko foileto eta kartelak ere.
Establezimenduek jasangarritasunaren alde hartutako konpromisoa berresten duen eta beren promoziorako erabiltzen ahalko duten logo-marka eta diploma eskuratuko dituzte eta ordaintzen duten hondakin-tasan hobaria izanen dute.
Baztango Udalak eta Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek bereziki eskertu nahi dituzte ekimena martxan jartzea ahalbidetu duten eta horretarako lehen urrats honetan izena eman duten establezimentu turistikoak:
Baztanen: Amaiurko Jaimeneko Borda eta Enekoneko Borda, Anizko Jauregia, Arizkungo Gontxea, Arraiozko Serorenea, Berroetako Peregarnea, Elbeteko posada, Erratzuko Barazabal eta Kordoa, Lekarozko Mikelenea, Zigako Gamiokoborda, Elizondoko Urruxka, Larraldea eta Markullukoborda eta Itzalargikoborda Hostala.
Bortzirietan: Berako Iratxekoberea eta Etxalarko Gainkoborda, Peruarnea eta Perugorria berria landetxeak.
Malerrekan: Donamariko benta eta Iturengo Abaraun aterpetxea.