Baztan eta Bertizko Abentura Parkeak martxoaren 10ean irekiko dituzte

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 9a, 12:58

Tirolina egiten Baztan Abentura Parkean.

Asteburu honetan irekiko dituzte Baztan eta Bertizaranako dermioetan dauden bi abentura parkeak. Martxoaren 10ean, larunbatean irekiko dituzte ateak.

Baztan Abentura Park Elizondon dago, Beartzun auzoan. 2015ean FITUR-ren Parkerik onenaren lehenengo saria lortu zuen. Beartzungo arroilaren inguruan dago eta bailarako bista ederrak daude handik. Lau urtetik goitiko haurrentzat egokitutako aktibitatek eskaintzen dituzte. Hartara, Beartzungo erreka gurutzatuz lau tirolinekin zirkuitu eder bat egin dezakete. Eta aquapark naturalak aukera paregabea ematen du rapelak, ferrata bidea, putzutara saltoak, txirristak eta antzeko aktibitateak egiteko (7 urtetik goitikoentzat).

Zortzi urtetik goitikoek, aipatu aktibitatez gain, 200 metroko ferrata bidea egiteko aukera dute parkean. Jarduera honek eskaladaren sentsazio beretsuak bizitzeko aukera ematen du baina segurtasun osoz. Horretarako, kable sitema berezi batek pertsona unero lotuta edukitzen du modu seguruan.

Parke honetan ekintza interesgarria da lau tirolina erraldoien bitartez Beartzungo arroila gurutzatzea. 220 m, 280, 300 eta 450 metro luzera eta 120 metroko altuera dituzten tirolina hauetatik txorien ikuspegi bikaina dago, eta arroila bertze ikuspegi batekin bizi daiteke (8 urtetik goitikoendako tandem eginez).

Eta arras ausartak direnek, jauzi erraldoia egin dezkete 100 metroko pendulua baliatuz (Zubi saltoaren gisakoa). Aktibitate hau nagusiki 16 urtetik goitikoendako dago prestatua, gurasoen baimenarekin.

Bertiz Abentura Parkea Narbartewn dago, Bertizaranan. Parke honetan 3 urtetik goitiko umeak tximinoak bezala zuhaitzez zuhaitz ibil daitezke seguritasun osoz. Iaz osorik berritu zen seguritasun sistema aurreratuenak ezarriz, bezeroa uneoro kable bati lotuta egoten da eta ezinezkoa da soltatzea. Parkeak 60 joku baino gehiago eskaintzen ditu, 6 tirolinaz gain, eta altuerari konfiantza hartzeko egokia da.

Baztan Abentura Parkerako erreserba aldez aurretik egin behar da eta Bertiz Abentura Park asteburuero irekita egonen da (euria ez badu egiten bederen), 10:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 18:30era. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun