Eskaerak martxoaren 6tik 20ra egin beharko dira: online (errigora.eus), eskuorri bidez edo hainbat herritan. Gure eskualdean, ondoko tokietan egin daitezke eskaerak: Areson Pake Toki Elkartean eta Sastinea tabernan, Arizkunen Dolaetxea ostatuan, Beran Amaleun arraindegian, Errekalde ostatuan eta Labiaga Ikastolan, Elizondon Kattalingorri-zangue dendan, Erratzun Zubi Punta ostatuan, Goizuetan Amaia kafetegian eta plazan, Leitzan Maimur liburu-dendan eta Torrea ostatuan, Lesakan Arranon, Izarra okindegian, Mendegia harategian eta Tantirumairu ikastolan.
Eskaera egiten dutenek oliba-olio birjina estra apirilean hartuko dute eta ordaindu ere orduan egin beharko dute. Kontserbak, aldiz, ekain hasieran egin beharko dira.
Iazko edizioan, erantzun ona izan zuten Errigorako produktuek. Eskualdeko datuei erreparatuz, gutti goiti-beheiti 315 familia inguruk egin zuten bat ekimenarekin. Oliba-olio birjina estraren 848 bidoi eskatu zituzten eskualdean: %66k konbentzionala eta %34k ekologikoa. Kontserben kasuan, 846 sortaren eskaera egin zuten, guztira 10.152 ontzi: %64k konbentzionala eta %36k ekologikoa.
Zozketak Ttipi-Ttapan
Ttipi-Ttapak Errigorako bi sorta zozketatuko ditu ERRAN.EUS atariaren aplikazioa deskargatzen dutenen artean. Ttipi-Ttapa aldizkariak eta Xorroxin irratiak sortutako edukiak modu erraz eta arinean, dohainik, erakusten dituen tresna da aplikazioa eta Android eta iOS sistema eragilea erabiltzen dituzten mugikor eta tabletetan erabil daiteke. Aplikazioa deskargatu eta horren pantailazoa Ttipi-Ttapako Whatsapp zenbakira (744 484361) bidaltzen duten guztiak Errigorako produktuekin osatutako bi sorten zozketan sartuko dira. Erne ibili, urtean zehar zozketa gehiago eginen baititu Ttipi-Ttapak ERRAN.EUS aplikazioaren erabiltzaileen artean.