Iruñean, Beran eta Aldatzen hasi dute Bardoek bigarren fasea

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 5a, 14:49
Berako Ibardin: Hiru ta lau dira zazpi eta Leitzako Aldatzea komeni taldeen arteko lehian leitzarrak nagusitu ziren ortziralean Beran.

Bisitan etorritako taldean nagusitu dira hiru saioetan eta itzulerakoak datorren asteburuan jokatuko dituzte Erratzun, Leitzan eta Lesakan

Iruñean, Beran eta Aldatzen izan dituzte saioak Bardoek asteburuan. Saio jendetsuak eta giro onekoak izan ziren bigarren faseko lehenengo saioak. Addams familia, Aldatzea komeni eta Unibertsolariak taldeentzat izan dira jokoan zeuden puntuak. Bueltako saioak asteburuan izanen dituzte datorren asteburuan Erratzun, Leitzan eta Lesakan.

Iruñean jokatu zen asteburuko lehen saioa. Etxeko Topa bardo kopa! eta Baztan-Malerrekako Addams familia ziren kantuan Arrano Elkartean. 50 entzule inguruk segitu zuten bizi joan zen saioa eta azkenean bisitarientzat izan zen bigarren faseko lehen puntua.

Ortziralean ere beste saio bat izan zen, Berako Kataku tabernan. 30 lagun segitu zuten herriko Ibardin: Hiru ta lau dira zazpi eta Leitzako Aldatzea komeni. Saioan jokoan zen puntuan Leitzara joan zen, beste taldeko lau kidek eta entzuleek hala erabakita.

Asteburuko azken saioa Aldatzen jokatu zen, igandean. Martixa elkartea bete zuten 60 lagunek gozatu ederra hartu zuten Larraun da Araitz. Bi dozena eta Unibertsolariak taldeek eskaini zuten saioarekin. Azkenean, hemen ere bisitarientzat izan zen puntua.

 

Itzulerakoak Erratzun, Leitzan eta Lesakan

Bigarren fasera sailkatzea lortu duten sei talde hauek itzulerako saioak izanen dituzte asteburuan eta hor erabakiko da zeintzuk diren Lekunberriko finalean kantatuko duten hiru taldeak. Asteburuko saioak Erratzuko Zubipunta ostatuan (21:00) eta Leitzako Atekabeltz Gaztetxean (22:00) jokatuko dira ortziralean eta Lesakako Arrano elkartean igandean (17:30).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun