Nafarroako Artxiboak bortz udal artxibotako 31 dokumentu zaharberritu ditu

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 28a, 07:02
Nafarroako Udal ordezkariak eta Nafarroako Gobernuko eta artxiboetakoak, ekitaldiak. Eskuinetik hasita, hirugarren eta laudaren, Andone Salbarredi eta Joseba Otondo.

Tartean, Baztango kaparetasun kolektiboaren aitorpen-agiria eta Leitzako formatu handiko bi plano

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Erriberri, Baztan, Leitza, Caparroso eta Mendigorriko udal artxiboetatik ekarritako 31 dokumentu bereziren gaineko esku-hartzea egin du, horien kontsulta eta etorkizuneko kontserbazioa bermatzeko xedez. Esku-hartze horren bidez, ondare dokumentala zaharberritu eta digitalizatu da, nagusiki. 

 

Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak dokumentuak dagozkien udalen ordezkariei eman zizkien otsailaren 27an, Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendari Carlos Martínez Álava; Artxiboen eta Ondare Dokumentalaren Zerbitzuko zuzendari Joaquim Llansó eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Ataleko buru Félix Segura tarteko zirela. Toki-erakundeen izenean, honako hauek parte hartu dute: Andoni Lacarra, Erriberriko alkatea; Joseba Otondo, Baztango alkatea; Andone Salbarredi, Leitzako alkateordea; Aquilino Jiménez, Caparrosoko alkatea, eta Otxando Irurtia, Mendigorriko zinegotzia.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusian, paperezko nahiz pergaminozko milaka orri zaharberritu eta hamarnaka mila dokumentu digitalizatzen dira urtero. Horren harira, Nafarroako udal artxiboetatik ekarritako dokumentuen gaineko lanak iazko urte amaieran eta aurtengo urte hasieran egin dira.

 

Kaparetasun kolektiboaren aitorpema Baztanen eta formatu handiko bi plano Leitzan

Baztango Udaletik, dokumentu bakarra eta aparta iritsi da, kaparetasun kolektiboaren aitorpena. Kontuen Ganberak 1440an plazaratutako epaia berresteko agiri honetan, kaparetzat jo ziren haraneko biztanle guztiak. Karlos Vianako printzeak 1441ean berretsitako epaiak haren sinadura darama 3.135 mm-ko luzera duen pergaminozko dokumentuaren bukaeran.

Leitzako Udaletik formatu handiko bi plano ekarri dira, landare-paperean landutakoak egindakoak, udalerriaren iparraldea eta hegoaldea irudikatzen dituztenak.

Dokumentuen jabetza duten udalek beren gain hartu dute aleen kontserbazio egokia bermatuko duten behin-betiko kontserbazio-muntaketetarako altzari egokiak erosteko konpromisoa, baita dokumentu horietan bildutako informazioa jaso nahi duten herritarrei dokumentuen irudien kontsulta errazteko konpromisoa ere.

Bertzalde, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak esku-hartu eta digitalizatutako dokumentu guztiak beraren ekipamendu informatikoetan kontsultatzea ahalbidetuko du, baina ikertzaileei kopiak eman ahal izateko, nahitaezkoa izanen da aldez aurretik titularren baimena lortzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun