Izokin arrantzarako eguneko baimen berezia beharko da denboraldi honetan

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 27a, 10:29
Maiatzaren 1ean izan beharrean, apirileko hirugarren igandean irekiko da aurten izokin arrantza denboraldia.

Apirilaren 15ean abiatuko da izokin sasoia eta maiatzaren 1ean amuarrainarena

2018 denboraldian arrantzarako baldintak arautzen dituen Foru Agindua onartu du Nafarroako Gobernuak. Amuarrain arrantzarako iaz baino baimen gehiago emanen dituzte (17.271 aurten eta 15.609 iaz) eta izokin denboraldia lehenxeago hasiko dela eta izokin arrantzarako, lizentziaz gain, eguneko baimen berezia beharko dela dira berrikuntza nagusiak.

 

Maiatzaren 1etik ekainaren 30era irekiko da amuarrain arrantza denboraldia. Azken bi denboraldietan bezala, eguneko bi amuarrain baino gehiago ezin izanen ditu hartu arrantzale bakoitzak.  Ibai nagusietan nahiz erreka ttikiagoetan guttienez 23 zentimetroko aleak atera daitezke. Ezkurra errekan, Elgorriaga parean, arrantzatu eta aske uzteko eremu berri bat izanen da.

Izokin arrantzan lehenagotik hasteko aukera izanen da aurten, apirilaren 15ean, eta, amuarrainarekin bezala, baimen sistema berezia izanen dute aurten izokin-arrantzaleek. Maiatzaren 28tik ekainaren 13ra arrantzarako debekua ezarriko da. Orain arte, izokin-arrantzaleek ezin izan zuten denboraldiko hiru ale baino gehiago arrantzatu eta aurten kendu egin dute muga hori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun