Nafarroako Herri Kirol Jokoen finalak Berroetan jokatuko dituzte aurten martxoaren 25ean

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 22a, 09:30
Basaburuak proba konbinatuko eta sokatira taldeak plazaratuko ditu haur eta kadete mailan.

Igantzi eta Baztango Basaburua eta BRT Menditarrak izanen dira eskualdeko ordezkariak aurten ere, igandean Etxarri Aranatzen abiatuko den txapelketan

Nafarroako Herri Kirol Federazioak herri kirol jokoak antolatu ditu bertze urte batez, 11 eta 16 urte arteko neska-mutikoei zuzendua. Otsailaren 25ean Etxarri Aranatzen hasi eta martxoaren 25ean Berroetan jokatuko diren finalak bitarte, herriz-herri proba konbinatuetan eta sokatiran hainbat  gaztetxo ibiliko dira. 

 

Etxarri Aranatzeko eskola berrian igande honetan goizeko 11etan hasiko den lehen saioaren ondotik, martxoaren 4ko bigarren jardunaldia Betelun, martxoaren 11ko hirugarren jardunaldia Antsoainen eta martxoaren 18ko laugarren jardunaldia Igantzin eginen dituzte, Berroetako martxoaren 25eko finalak baino lehen.

 

Parte hartzaileak

Guztira hiru kategoria izanen dira: kimuen mailan (2006 eta 2007 urteetan jaiotakoak) konbinatuetan bakarrik ariko dira hamazazpi talde, tartean Igantzi eta Baztan eta Ultzamako kirolariek osatzen duten BRT Menditarrak, eskualdeko ordezkari gisara.

Haurretan (2004 eta 2005an jaiotakoak) konbinatuetan eta sokatiran ariko dira hamahiruna talde. Proba konbinatuan BRT Menditarrak eta Basaburua ariko dira eta sokatiran Basaburua bakarrik izanen da eskualdeko ordezkari.

Kadeetan, azkenik, (2002 eta 2003 urteetan jaiotakoak), lau talde ariko dira proba konbinatuan (Basaburuarekin batera, Aranaberri, Andra Mari eta Iñigo Aritza) eta bortz sokatiran (lau hauetaz gain, Andra Marik bigarren talde bat ere aterako du).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun