Bidasoa ibaiari arretaz begira dagoela jakinarazi du Babes Zibileko zerbitzuak

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 20a, 10:14

Bidasoa eta Urumea ibaien emaria nabarmen hazi da azken orduetan, eta Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko zerbitzuak jarraipen mailak gainditu dituztela ohartarazi du, nahiz eta oraindik ez dituzten indarrean jarri aurre-alerta eta alerta egoerak. Hala ere, Bidasoa ibaiaren emariak hazten segituko duela adierazi du, eta Urumea, berriz, egonkor dagoela.

Oharriz eta Erratzuko estazioetan neurtutako datuen arabera, Baztan ibaiaren egoera egonkorra dela dio Babes Zibileko zerbitzuak.

Legasan dago Bidasoa ibaiko estazioa eta ibaia 3,20 metroko mailan dagoela ikusi dute eta gorako joera duela. Atzo 20:00etan 2,48 metrokoa zen maila. Jarraipen maila 2,50 metrotan ezarria dute eta aurre-alerta eta alerta mailak 4 eta 4,60 metrotan, hurrenez hurren. Bere emaria 125 metro kubiko segundokoa da, eta atzo gaueko lehen orduetan 90,60koa zen.

Bertzalde, Ereñotzun (Hernani) Urumea ibaiak 3,72 metroko maila duela neurtu dute, eta atzo 20:00etan 3,32 metrokoa zen. Jarraipen maila 3,20 metrotan ezarria dute, aurre-alerta 4 metrotan aktibatzen dute eta alerta 4.40 metrotan. Bere emaria 125 metro kubiko segundokoa da. Babes Zibilak jakinarazi du nabarmen igo dela emaria, atzo gaueko lehen orduetan 94 metro kubiko segundokoa baitzen, baina halere, joera egonkorra dela dio.

Babes Zibileko arduradunek oraingoz ez dela uholde garrantzitsurik izan adierazi dute, eta sare nagusiko errepideetan normaltasunez ibil daitekeela. Halere, arretaz gidatzeko aholkatu dute errepidean putzuak egon daitezkeelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun