Ortziraleko lehenengo saioa Lizarran jokatu zen. Herriko Lizaharrak eta Mirristi Drimtin taldeko kideak izan ziren kantuan Gure Hizkuntza elkartean, 30 entzuleren aurrean. Bisitarientzat izan zen saio honetan jokoan zen puntua. Altsasuko gaztetxean, berriz, 80 lagun elkartu ziren Bardoen saioan. Bailarako Sakana Zirt eta Barañaingo Patioko banda taldeko kideak izan ziren oholtza gainean eta puntua etxean gelditu zen. Ortziraleko azken saioa Xirristi Drimtin eta Leitzako Aldatzea komeni taldeen artekoa izan zen, Iruñean, eta bisitariek haien bigarren puntua eskuratu zuten.
Larunbatean ere izan ziren Bardoak Iruñean. 80 lagunek bete zuten Alde Zaharreko gaztetxeko aretoa, Topa bardo kopa! eta Amortziaren eilobak taldeen saioa entzuteko. Iruindarrek eskuratu zuten puntua. Garraldan 40 inguru izan ziren Bardoak entzutera bertaratu zirenak. Pirini Bardó eta Lesakako Unibertsolariak taldeetako bertsolariak aritu ziren kantuan eta lesakarrek eraman zuten saioa. Asteburuko azken saioa Elgorriagan jokatu zuten Baztan-Malerrekako Addams familia eta Barañetak taldeek, 60 entzuleren aurrean. Etxekoentzat izan zen jokoan zen puntua.
Eskualdeko taldeak aitzinera
Saiook jokatuta, bukatu da Bardoen lehenengo fasea. Sei dira bigarren faserako sailkatzea lortu duten taldeak: Lesakako Unibertsolariak, Larraun-Araizko (Larraun da Araitz) Bi dozena; Berako Ibardin: Hiru ta lau dira zazpi; Baztan-Malerrekako Addams familia, Leitzako Aldatzea komeni eta Iruñeko "Topa bardo kopa!".
Bigarren fasean sei saio jokatuko dira martxoaren 2tik 11ra. Saioak non eta noiz izanen diren hurrengo egunotan zehaztuko dute taldeek. Bigarren fase honetatik hiru talde sailkatuko dira martxoaren 24an Lekunberriko Toki Alai sagardotegian jokatuko den Bardoen finalera.