ELA, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuekin batera, LAB sindikatuak ere astearte goizean Nafarroako Gobernuko Errepideen Kontserbazio Zerbitzuko Zerbitzuaren aurrean egin den kontzentrazioan parte hartu du.
LABek egindako balorazioaren arabera, «N-121-A errepidea Nafarroan egunero trafiko handienetakoa duen errepidea da, zenbait autobidek baino gehiago. Egunero 10.000 ibilgailu ibiltzen dira errepide honetan eta horietatik heren bat kamioiak dira. Izugarrizko trafiko bolumena jasaten duen errepidea da, nazioarteko garraioaren ia osotasun guzia hemendik pasatzen delarik. Argi diogu: errepide hau ez dago, inolaz ere prestaturik, egunero pairatzen duen trafiko bolumena jasateko. Eta egoera horreri gehitu beharra zaio azkeneko hilabeteetan, autopistan kamioei kobratzen hasi direnez, bertatik pasatzen diren kamioi kopurua handitu dela eta errepidearen egoeran aunitz sumatzen dira horren ondorioak, geroz eta zulo gehiagorekin eta asfaltoaren egoera kaxkarrarekin».
Tamalez ez da lehenengo aldia langile bat errepide honetan hiltzen dena, «denoi heldu zaizkigu istripuak burura. Zoritxarrez zerrenda luzeegia da. Loteria makabro bat da langile honen bizitza moztu duena, baina edozein momentutan errepide hau erabiltzen ahal duten milaka eta milaka pertsonei tokatu ahal zaiena. Errepide nazional batez ari gara solasean, inondik ere daukan trafikoaren pisua jasateko gaitasunik ez duena, batez ere Leitzarandik joateak kamioientzat kostu ekonomiko handiagoa suposatzen duenez N-121-A errepidetik pasatzen joaten direlako», dio LABek. Eta maiatzetikan aintzinerat, zazpi hilabetez guttienez, egoera honek okerrera eginen du, zazpi hilabetez Belate eta Almandozko tunelak itxiko dituztelako eta Belateko portutikan desbideratuko delakoz trafikoa. Garraiolariek argi utzi dute jada portu zaharretikan baldin bada ere, hemendikan joaten segituko dutela. LAB sindikatuaren arabera, «aurreko Nafarroako Gobernuek inoiz ez dute errepide honen egokitzapena beraien lehentasunen artean izan, eta egin duten gauza bakarra egoerari partxeak jartzea izan da, arazoaren erroetara joateko borondaterik ez zegoelako. Baina ez da partxeak jartzeko garaia, irtenbideak bilatzekoa baizik. Errepide honen erabiltzaileak nazkatuta daude».
Aipatutako guztiarengatik LAB sindikatutik Nafarroako Gobernuari behingoz egoera honi soluzioak bilatzen inplikatu dadila eskatu diote, «tunelak Europako araudirat egokitzeaz gain, berriz ere horrelako idatzirik idatzi behar ez izateko. Gaiaren inguruan eztabaida ireki eta parte hartzailea zabaltzeko momentua da, jendartearen eskutik eta eragile sozial eta politikoen iritziak kontutan hartuta».