Itxura batean, lanek irauten duten bitartean, zazpi hilabetez itxita egonen lirateke Belate eta Almandozko tunelak eta horrek, errepide zaharra erabiltzera behartuko lituzke gidariak. Hori ikusita, udal ordezkari batzuren ustez, behin betiko soluzioa egin bitarte (tunelak bitan banatzea edo ebakuazio-galeria eraikitzea) gibeleratu beharko lirateke lanak, ez baitu zentzurik orain, behin behineko lan baterako zazpi hilabetez itxia edukitzea eta gero, Europako araudira guztiz egokitzeko lan horiek egiteko berriz itxi behar izatea.
Lanak gibeleratuko ez balira, nazioarteko ibilbideak egiten dituzten kamioiak A-15 autobidera bideratzea ere eskatu dute udal ordezkariek ia ahobatez, bai garraiolarien beraien segurtasunerako (Belateko errepide zaharreko zenbait bihurgunetan ezinezkoa baita bi kamioi gurutzatzea), baita bertze erabiltzaileen segurtasunerako ere.
Nafarroako Parlamentuko Garapen Ekonomikorako Batzordera joateko borondatea ere azaldu dute inguruko alkate-zinegotziek, lan hauen inguruan beraien jarrera azaltzeko.