Baztan-Bidasoko GR ibilbideen mantentze-lanetarako 2018ko boluntario kanpaina abiatu dute

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 6a, 10:02
Ibilbideen mantentze-lana eta seinalizazioa egiteko boluntarioak behar dituzte

Nafarroako Mendi Federazioak garatuko du, Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoaren laguntzaz eta boluntarioak lortzeko kanpaina abian jarri du

Duela bi urte inauguratu zen Izpegin  (Erratzu, Baztan) Baztan-Bidasoko GRen (Ibilbide Luzeak) sarea. Guztira 208 kilometro dira, horien artean GR-11 (Transpirenaika) eta GR-12 (Euskal Herriko Bidea) ezagunak, eta GRT-5 Trekking Bidasoa ibilbide berriak. Proiektua Nafarroako Mendi Federazioak garatu zuen, bideak markatzeko boluntario talde baten laguntzaz; horren antolakuntzan Baztan-Bidasoa Turismoa elkargoak parte hartu zuen.

 

Aurten ere, boluntario izateko kanpaina abian jarri du Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioko Bidezidorren Komiteak.

Hortaz, egitasmo honetan parte hartu nahi duenak izen-emate fitxa bete bertzerik ez du egin behar (www.nafarmendi.org webgunean ere bada) eta otsailaren 25a baino lehen bidali info@baztan-bidasoa.com  edo info@mendinavarra.com helbidetara edo Federaziora eraman.

Martxoaren 10ean boluntario berriek ikastaroa egin beharko dute. Ikastaroa Iruñean eginen da, baina Bertizen, Baztan-Bidasoa Turismoko egoitzan bertze ikastaro bat egiteko aukera ez da baztertzen. Edozein zalantza edo informazio gehiago: 948 592323 telefonoan.

 

Zenbait datu

Hainbat GR ibilbide dago Baztan-Bidasoan barna: GR11 (Pirinioetako ibilbidea), GR12 (Euskal Herriko ibilbidea) eta GR10 (ibilbide frantziarra). Hortxe daude baita GR11 eta GR12 bideen arteko loturak, Bidasoko Trekking-a eta GRT5 Kulunkaren Budea. Guztira 208 kilometro GR ibilbideen barrena, behar bezala seinalizatuta eta boluntario sareari esker, egoera onena daudela bermatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun