Arkupeak elkarteko bazkideen herriz herriko besta eta bazkariekin hasiak dira

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 2a, 07:35
Herriz herri egiten dituzten besten artean lehenbizikoa Eratsunen egin dute aurten Arkupeak elkarteko bazkideek. Argazkia: Fernando Etxeberria

Lehenbizikoa Eratsunen egin zuten urtarrilaren 28an eta otsaileko lehen asteburuan Oronoz-Mugairin eta Etxalarren eginen dute 

Urtero bezala, aurten ere, herriz herriko bestak eta bazkariak ospatuko dituzte Arkupeak elkarteko kideek. Herri batzuetan hasiak dira dagoeneko; bertze batzuetan, berriz, datozen egunetarako aurreikusitako egunen zain daude. Lehenbizikoa Eratsunen egin zuten igandean.

 

Eratsunen izan zuten lehendabiziko hitzordua, urtarrilaren 28an. 30 lagun bildu ziren 12:30ean elkarteko kide hildakoen omenez mezara joateko. Ondotik, Elizetxen bazkaldu zuten. Bazkalondoan mus txapelketa ospatu zuten, Migel Baleztena eta Juanitiko Estanga bikotea gailendu ziren, Antonio Telletxea eta Calixto Estangari irabaziz. Aitzitik, Elizetxeren behin-betiko itxieraren ondotik, heldu den urtera begira, berriz ere, Ezkurrara joan beharko dute eratsundarrek.

Otsailaren 3an, berriz, Oronoz-Mugairiko Urgain jatetxean bilduko dira Almandoz, Berroeta, Aniz, Ziga, Arraioz, Oronoz-Mugairi, Oieregi, Narbarte eta Legasako elkarteko kideak. Horiek ere, mahaiaren bueltan karta jokoetan arituko dira, mus txapelketa jokatuko baitute. Biharamunean, otsailaren 4an, Etxalarkoek hartuko dute lekukoa, Herriko Ostatuan izanen baitute hitzordua.

Aranztarrek besta eguna otsailaren 11rako, iganderako, dute aurreikusita. 12:00etako mezarekin hasiko dute eguna, eta Pablonean bazkaldu ondotik, musean aritzeko aukera izanen dute. Elizondon, berriz, musa otsailaren 14an, Saioa ostatuan, izanen badute ere, biharamunean 12:30ean meza eta 13:30ean Santxotenan bazkaria izanen dituzte.

Baztangoitiar, urdazubiar eta zugarramudiarrak Arizkunen izanen dute topagunea, otsailaren 16an. 12:30eko mezaren ondotik Etxeberria jatetxean bazkalduko dute. Musean aritzeko aukera, aldiz, bezperan izanen dute, 15:00etan.

Egun berean Elgorriagako Ostatuan 16:30ean Zubieta, Ituren eta Elgorriagako erretiratuek musean aritzeko aukera izanen dute. Aitzitik, bazkaria igandean, hilaren 18an izanen dute, Hilarionen.

Bien bitartean, Leitza, Areso eta Larraungoek 11:00etako meza eta Sagastiko bazkariaz gozatuko dute, Leitzan. Musa, ordea, otsailaren 10ean izanen dute, 18:00etan, elkartean.

Irungo, Berako eta Iparraldeko kideak Berako Zalain jatetxean bazkalduko dute, otsailaren 18an. Doneztebe, Donamaria, Gaztelu, Oiz eta Urrozekoek, berriz, Doneztebeko Belarran. Bazkalondoan karta jokoan murgilduko dira. Sunbildarrak hurrengo astean, hilaren 25ean bilduko dira, Ariztigain kanpinean. 11:00etan izanen dute musa, eta ondotik, 14:00etan bazkaria.

Azkenik, ezkurrarrak martxoaren 4an Margarita Juanotenaren heriotza oroitarazteko bilduko dira, urteko hasiera samina, ahal den neurrian, gozotzeko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun