Cederna Garalur Elkarteak toki-dinamizaziorako Nafarroako Mendialdeko 72 proiektutan parte hartu du

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 29a, 10:40

Baztango Zaporeak eskaintzen dizkigun aukerez sentsibilizatzeko eginahalak ere egin dituzte

Bertzeak bertze, nekazaritza elikagaien elkarteen koordinazioa bultzatu du, Baztango Zaporeak eskaintzen dizkigun aukerez sentsibilizatuz

Cederna Garalur Elkarteak, Nafarroako Mendialdeko Tokiko Ekintza Taldeak, 2017an toki-garapeneko 72 proiektu dinamizatu ditu Nafarroako iparraldean. Tartean, nekazaritza elikagaien elkarteen koordinazioaren bidez, herritarrak Baztango Zaporeak eskaintzen dizkigun aukerez sentsibilizatu ditu.

 

Horretarako, ekitaldi eta bileren berri emanez, ekimenak finantzatzeko handik eta hemendik laguntza eskatuz, proiektuak antolatu, koordinatu, martxan jarri eta kudeatuz eta Nafarroako Gobernuko 15 departamentu eta 3 eskualde-erakunderekin bitartekaritza-lana eginez jardun du. Horrela bada, 30 partaidetza-proposamen izan ditu 90 bileratan, eta 70 hedapen-ekintza eraman ditu aurrera.

Ibon Mimentzaren hitzetan, Elkarteko zuzendaria, “Cederna Garalur Elkarteak, lantzen duen lan-esparrua eta funtzioa azalgaitza da, eskualdeko garapen sozioekonomikoaren arlo guztietan diharduelako”. 2017an, erraterako, tokian tokiko parte hartze prozesu ugari abiatu ditu; Nafarroako Mendialdearentzat gako diren ekintza batzuetan (Agenda 21, INDUSLAN proiektuko lan teknikoan...) parte hartu du; eta toki-erakunde eta Nafarroako Gobernuko erakundeen arteko solaskidetza ahalbidetu du.

Azken egiteko horri dagokionez, herritarrak inguruko baliabideek eskaintzen dizkiguten aukerei buruz sentsibilizatzea lortu nahi izan du. Tartean, eskualdeko nekazaritzako elikagaien elkarteak, Baztango Zaporeak erraterako, izan ditu langai.

Ekintzok Elkarteko elkarrekintza sustatzeko proiektuaren eta landa-garapeneko programa propioaren osagarri dira. Ildo horretatik, “toki-dinamizazioak tokian tokiko garapen guneak identifikatuz, enplegua finkatzeko egiten den lana, gazteak gure herrietan mantentzeko, ezinbertzekoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun