Urrezko Aizkolari txapelketetako jardunaldian ariko dira Maika Ariztegi eta Donato Larretxea Agurainen

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 26a, 07:15

Maika Ariztegik Irati Astondoa bizkaitarra izanen du arerio Agurainen.

Larunbat arratsaldeko 6etan banaka ariko da iturendarra eta binaka aranztarra 

Gizasemeen Urrezko binakako aizkolari txapelketaren, Emakumeen Urrezko Aizkolari banakako txapelketaren eta bi harriko harrijasotze txapelketaren jardunaldia jokatuko da ustarrilaren 27an, larunbat arratsaldeko 6etatik aitzinera Aguraingo (Araba) pilotalekuan. Julen Diaz arabarra 200 kiloko harri errektangularrarekin marka pertsonala egiten ere saiatuko da.

 

Binakako Urrezko Aizkolari txapelketan, Otsagiko Iker Vicente eta Errazkingo Ruben Saralegi, Arantzako Donato Larretxea eta Urtezahar egunean Urrezko Aizkolari Kopa irabazi zuen Azkoitiko Mikel Larrañagaren kontra ariko dira.

Emakumeen banakako lehian, Maika Ariztegi iturendarra Zeanuriko Irati Astondoaren kontra ariko da.

Bi harriko harrijasotze txapelketan, Hernialdeko Iban Ugartemendia eta Orioko Aimar Galarraga ariko dira, 175 kiloko harri errektangularrarekin eta 150 kiloko kubikoarekin, bina minututako txandetan.

Jaialdia bukatzeko, Julen Diaz arabarra 200 kiloko harri errektangularra bizkarreratzen saiatuko da. Lortuko balu, Arabako bosgarren harrijasotzailea izanen litzateke pisu hori altxatzen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun