Euskal Herriko mus txapelketako bi kanporaketa jokatuko dira igande honetan eskualdean

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 25a, 10:00

Arantzako Ekaitza Elkartean eta Berako Kataku Ostatuan antolatu dituzte kanporaketak, 17:00etan eta 16:30ean. Lehen kanporaketa fasean jokatuko diren azken saioetako bi izanen dira, otsailaren 3an Goizuetan eta Leitzan eginen baitira azkenak.

Joan den urte hondarrean hasi zen Euskal Herriko X. Mus Txapelketa, eta geroztik, hainbat kanporaketa jokatzen ari dira Euskal Herriko herrietan. Tartean, eskualdean ere jokatu dituzte batzuk: Arraiozen, Igantzin, Leitzan, Lesakan...

Bertze herri batzuetan igande honetan eta otsaileko lehenbiziko larunbatean jokatuko dituzte. Arantzako Ekaitza Elkartean, igande honetan, 17:00etan eginen dute saioa, Ekaitza Elkartean. Berako Kataku ostatuan ere igandean eginen dute, 16:30ean.

Larunbatean zortzi, berriz, otsailak 3, Goizuetako Umore Ona Elkartean jokatuko dute kanporaketa, 16:00etatik aitzinera. Leitzako Guratz Mendi Elkartean ere egun berean eginen dute, baina 16:00etan. Lehendik bertze hiru kanporaketa jokatu izandu dituzte Leitzan: Torrean, Peritzan eta Goxogunen.

Herriz-herriko kanporaketa horietan aitzinera egitea lortzen dutenek otsailaren 24an jokatuko dituzte herrialde mailako finalak. Sailkatzen direnek final nazionala Uztaritzen (Lapurdi) eginen dute, martxoaren 10ean.

SARIAK

Finaleko txapeldunak: txapelak eta garaikurrak, 3.000 euro esku dirutan eta Karibera lau lagunentzako bidaia.

Finaleko txapeldunordeak: garaikurrak, 1.500 euro esku dirutan eta Kanariar Uharteetara bi lagunentzako bidaia.

Finaleko 3. bikote sailkatua: 750 euro esku dirutan eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat.

Finaleko 4. bikote sailkatua: 500 euro esku dirutan eta euskaraz ikasteko urte osoko matrikula (AEKren eskutik).

Finaleko 5etik 8. bikote sailkatuentzat: 250 euro esku dirutan.

Finaleko 9.etik 16. bikote sailkatuentzat: 100 euro esku dirutan.

Herrialdeko finaletan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia, Behe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako finaletan ere sariak izanen dira, eta herrietan parte-hartzaile bakoitzari oroigarri gisa botila bat ardo emanen diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun