Nafarroako Gobernuak 2,8 milioi euroko inbertsioa eginen du puntu garbiak paratzeko

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 24a, 12:37

Orain arteko puntu garbiak eta etorkizunerako aurreikusten direnak

Bertzeak bertze, Malerrekan eta Bortzirietan puntu bana eta Leitzaldean eta Baztanen bina paratzea aurreikusten dute

Etxeko hondakin arriskutsuak, eraikuntzako obra ttikiko hondakinak eta inausketakoak birziklatu eta berrerabiltzeko zerbitzua sustatzen hasiak dira dagoeneko. Hilaren 23an Garesekoa jarri zuten abian. Aurten eta heldu den urtean 3,5 milioi euroko inbertsioak eginen dira, Nafarroako  11 mankomunitatetan.

 

Puntu garbiak Tokiko Inbertsioen Planeko funtsekin (2,8 milioi euro), Hondakinen Kontsortzioekin eta Iruñerriko Mankomunitatekoekin (0,7 milioi euro) finantzatuko dira. Eta horren bidez, hondakin gutxiago sortu eta berrerabiltzea lortu nahi da. Horren harira, 2017-2027 Plana aipatu zuen Elizaldek, hondakinen %65a gaika biltzearen aldeko apustua eginaz.


Era berean, Nafarroako Gobernuak neurri horiekiko duen konpromisoa azaleratu nahi izan du. Bertze ekimen batzuen artean Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkular alderako Trantsiziorako Bulegoa jarriko da abian, “Nafarroa ildo horretan erreferentziazko gizarte bilakatzen laguntzeko, lehengaien erabilera arduratsua eginez, tokiko baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatu eta murrizteko, berrerabiltzeko, konpontzeko eta birziklatzeko araua etengabeko zirkuluan aplikatuz, naturaren beraren funtzionamendua imitatuta”.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun