Ez da gorabehera handirik izan eskualdeko bizilagun kopuruan

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 19a, 10:18

Datu Iturria: INE Udal enrolad, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean.

2017 urte hasieran 26.299 biztanle zituen Ttipi-Ttaparen Nafarroako eremuak, urtebete lehenago baino bat gehiago

Espainiako Estatistika Institutuak argitaraturiko datuen arabera, 2017ko urtarrilaren 1ean, 26.299 herritar zituen Ttipi-Ttaparen Nafarroako eremuak, 2016 hasieran baino bat gehiago. Datu bitxi bezala, urtebeteko alde horretan 44 emakume gehiago eta 43 gizaseme guttiago zituen eskualdeak.

Azken 50 urteetako goraldiaren ondoren eskualdeko herrietan biztanleria kopurua dezente egonkortu dela esan dezakegu. Salbuespen argi bakarra Doneztebe da. 1960an 785 biztanle zituen Doneztebek, eta ordutik, izugarri hazi da herritar kopurua, 2000n 1.359 ziren heinean, egun 1.732 bizilagun dira.

Banaketari dagokionez, gorabeheraren bat antzeman daiteke: 8.557 dira Bortzirietan erroldatuak, joan den urtean baino 18 gehiago; eta 7.736 Baztanen, 17 herritar gehiago. Gainerakoek beherakada izan dute: 5.436 biztanle ditu Malerreka-Bertizaranak, 2016an baino 19 biztanle gutxiago; 3.944 Leitzaldea-Urumealdeak (5 guttiago); 626 Urdazubi eta Zugarramurdin, 10 laguneko beherakada jasan ondotik.

Udalerri ttikienetan, argi aunitzik ez

Eskualdean zortzi udalerri dira 300 biztanletik beheiti dituztenak eta horietatik erdiak baino gehiagok, bortzek, zehazki, herritarrak galdu dituzte. Oizek izan du beherakada nabarmenena, 146 biztanle izatetik 130 izatera igaro baita. Elgorriagak 9; Zugarramurdik 5; Beintza-Labaienek 3; eta Aresok 2 lagun gutxiago dituzte. Izan ere, sor­tzeek heriotzak ordez­katzeko gaitasunik ez dute izan. Gorakada izan duten gainerako lau herri ttikien kasuan, datuak ez dira nabarmen aldatu (Ezkurran 5, Eratsunen 3 eta Aranon biztanle 1 gehiago).

Urtebetean aldaketa handirik ez bada ere, goitiko koadro horretan ikus daiteke mende hasieratik zenbait herritan alde nabarmenagoak direla. Erraterako, Doneztebek 2017an 2000. urtean baino 373 bizilagun gehiago zituen. Goizuetak, aldiz, ia 200 biztanle galdu ditu epe horretan. Eskualde osoan mende hasieran baino 307 bizilagun gehiago bizi gara orain.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun