Baztan-Bidasoa Turismoak, urratsez urrats eskualdea eremu turistiko gisa indartzea du helburu. Eta bide horretan, bidelagun gehiago izateko, hotel, landetxe, jatetxe, jarduera enoresa eta turismoarekin loturiko establezimendu guztiei kide egiteko gonbidapena luzatu die. Gaur egun 80 bazkide ditu. Interesdunek 948 592323 telefonora deitu edo info@baztan-bidasoa.com helbidera idatzi beharko dute.
2017ko balantzea
2017 urteak 2.478,53 euroko diru-sarrerekin itxi dute. Iragan den urte hori turismo sektorean ona izan dela iritzi du Elkargoak. Hori horrela, ez dio muzin egin turismo gorakadak sortutako eztabaidari. Bertako ondare, kultura, natura, tradiio, bizimodu eta hizkuntza errespetatuko dituen kalitatezko landa turismoa sustatu nahi du.
2018a proiektuz josia
Urte hasieratik 18 egitasmo aurkeztu eta onartu ditu batzar orokorrak. Bertzeak bertze, web gunea eta erreserbak egiteko informazio zentroaren eraberritzea; ‘Zer-Egin Baztan-Bidasoan’ eskuorriaren berredizioa; bisita gidatuen eskuorria; eta baliabide-gidaren berredizioa. Balibideen gida, Elkargoak bi urtetik behin kaleratzen duen aldizkaria da, eta horren garrantzia, bereziki, Ferietako presentzian datza.
2018an ez dute hutsik eginen Ehiza Jardunaldi Gastronomikoek. 26. edizioa beteko dute. Bere garaian bisitarien estazionalitateari aurre egiteko sortutako jardunaldiak, egun, Baztan-Bidasoko udazkeneko egutegian erreferente bilakatu dira.
Mugaz gaindiko egiatasmoetan lanean dihardu Baztan-Bidasoa Turismoak. POCTEFA egitasmoaren baitan, EDERBIDEA proiektuko kide da, Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Pirinées Atlantiques eta Cederna Garalurrekin batera.
Honen baitan aurten, “Ederbidea jardunaldia/ Bizikleta eskola” burutuko da eta “Mapa Ziloturista/EderbideaII” kaleratuko da. Mapa kaleratzeko, eskualdeko Udalekin harremanetan jarri da Baztan-Bidasoa Turismoa, mapan Bide Berdea igarotzen den herrietako ibilbideak agertzeko.
Egitasmo horiek guztiak aurrera eramateko, 64.305 euroko aurrekontua onartu du.