Espainiako Estatistika Institutuak argitaraturiko datuen arabera, 2017ko urtarrilaren 1ean, 25.995 herritar zituen eskualdeak, 2016 hasierako kopuru bera, zehazki. Azken 50 urteetako goraldiaren ondoren Ttipi-Ttaparen eremuko herrietan biztanleria kopurua dezente egonkortu dela esan dezakegu. Salbuespen argi bakarra Doneztebe da.
1960an 785 biztanle zituen Doneztebek, eta ordutik, izugarri hazi da herritar kopurua, 2000n 1.359 ziren heinean, egun 1.732 bizilagun dira. Antzeko joera izan du Senperek, azken hamabost urteetan ia hirukoizteraino hazi baita (2.200 lagun ingurutik 6.000 bat izatera pasa dira).
Kopurua mantenduz, banaketan gorabeherak
Banaketari dagokionez, gorabeheraren bat antzeman daiteke: 8.557 dira Bortzirietan erroldatuak, joan den urtean baino 18 gehiago; eta 7.736 Baztanen, 17 herritar gehiago. Gainerakoek beherakada izan dute: 4.541 biztanle ditu Malerrekak, 2016an baino 11 biztanle gutxiago; 3.944 Leitzaldeak, 5ek utzi dutelarik herria; 626 Urdazubi eta Zugarramurdin, 10 laguneko beherakada jasan ondotik; eta 591 Bertizaranan, 9 laguneko beherakada.
Udalerri txikienetan, argi askorik ez
Eskualdean zortzi udalerri dira 300 biztanletik beheiti dituztenak eta horietatik erdiak baino gehiagok, bostek, zehazki, herritarrak galdu dituzte. Oitzek izan du beherakada nabarmenena, 146 biztanle izatetik 130 izatera igaro baita. Elgorriagak 9; Zugarramurdik 5; Beintza-Labaienek 3; eta Aresok 2 lagun gutxiago dituzte. Izan ere, sortzeek heriotzak ordezkatzeko gaitasunik ez dute izan. Gorakada izan duten gainerako lau herri ttikien kasuan, datuak ez dira nabarmen aldatu (Ezkurran 5, Eratsunen 3 eta Aranon biztanle 1 gehiago).