Guztira hamaseina enbor moztu beharko dituzte, bi 45 ontzakoak eta gainerakoak 54 ontzakoak.
Aizkolariak ez ezik, harrijasotzaileak ere ariko dira, Gabonetako harrijasotze txapelketa erabakiko baita. Zarauzko Mikel Lopetegi Urra, Ondarroako Inhar Urruzuno eta Aizarnazabalgo Xabier Peñagarikano ariko dira. Azken honek, min hartua dagoen Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a ordezkatuko du. Bina minutuko txandetan, ehuna kiloko harri zilindroarekin, kubikoarekin eta borobilarekin ariko dira lanean.
Azkenik, Senegalen sortu eta Barakaldon bizi den Ousmane Drame kirolariak, ehuna kiloko txingekin marka ahalegina eginen du.
Urte berri, txapelketa berri
Bertze aldetik, Egur Sport-etik jakinarazi dutenez, Errege egunean hasiko da Elorrioko Gazeta auzoan Urrezko Binakako Aizkolari txapelketako hemezortzigarren edizioa. Zazpi bikote hasiko dira lehian, martxoaren 4an Azpeitian jokatuko den finalerako txartel baten bila. Ohiko txapelketa honekin batera bi txapelketa berri ere hasiko dira: Emakumezkoen Urrezko Aizkolari bakakako txapelketan lau aizkolari ariko dira eta bi harriko harrijasotze txapelketan bortz harrijasotzailek neurtuko dituzte indarrak, 175 kiloko harri errektangularrarekin eta 150 kiloko kubikoarekin, bina minutuko txandetan.