Urte bukaera laisterka ospatuko dute Donezteben, Elizondon, Leitzan eta Lesakan

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 29a, 12:57

Elizondoko San Silbestre lasterketak bederatzigarren edizioa beteko du igandean.

San Silbestre lasterketak antolatu dituzte aurten ere 

Herriz herri eta etxez etxe urtea bukatzeko ohitura aldakorrak izanagatik, eskualdean, bertze toki aunitzetan bezala, herrian barna antolaturiko San Silbestre lasterketetan parte hartuz, pausoz pauso ere ematen dute aunitzek urtez urteko urratsa. Aurten, Donezteben, Elizondon eta Lesakan ez ezik, Leitzan ere eginen dute lasterketa herrikoia.

 

Donezteben XII. edizioa

San Silbestre egunean, urteroko hitzordua izanen dute Donezteben Erreka Kirol Elkar­tearen eskutik. 18:00etan, udaletxe­tik, abiatuko dira 2003a baino berandu­ago sorturikoak eta zirkuitoari buelta bat emanen diote. Ondotik, helduek, 3,5 kilometro eginen dituzte. Irabazleei sariak emateaz gaine­ra, parte-hartzaile guztientzat opariak eta guztien artean eginen diren zozketak borobilduko dute XII.edizioa.

 

Elizondon IX. edizioa

Baztango Lasterketa Taldeak antolatuta, Elizondon 17:00etan ekinen diote lasterketari 12 urtetik beheitikoek; 18:00etan, berriz, helduek. Nagusiek 3,9 kilometroko lasterketa eginen dute. 17:30ean izanen da izen-ematea, eta euro bat ordaindu beharko dute. Haurrek, aldiz, dohainik parte har dezakete.

 

Bortzirietako elkartasun keinua

V. Bortzirietako elkartasun keinua eginen dute urteko azken egunean Lesakan, Sare Lesakak antolaturik. Aurtengoan, igandea izaki, eguerdian eginen dute eta ez arratsaldean, aitzineko lau ediziotan bezala. 13:00etan abiatuko dira, Plaza Zaharretik eta 3,9 kilometroko lasterketa eginen dute.  Izen-ematea egunean bertan eginen da, lasterketaren aitzinetik.

 

Leitzan Anikotek antolatuko du

Azkeneko urteetan Guraso Elkarteak antolatzen zuen San Silbestre lasterketa Anikote enpresa publikoak antolatuko du aurtengoan. Igandean 16:30etik hasi eta adin tarte guztietakoak izanen dute ateratzeko aukera, ibilbide ezberdinak eginez. Izena egunean bertan emateko aukera izanen dute lasterkariak. Horretaz gain 2018ko kirol egutegia argitaratu du Anikote enpresak. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun