Hondakinen inguruko informazioarekin egutegia banatzen ari dira etxez etxe

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 26a, 13:09

Egutegia banatzen ari dira etxez etxe.

Josetxo Apeztegiaren sunbildarraren argazkiak biltzen ditu eta ohiko informazioaz eta hiruhileko zozketan parte hartzeko zenbakiaz gain, hainbat berrikuntza ere baditu 

Urtero bezala, Baztango Udalak eta Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek Baztan-Bidasoaldeko etxe guztietara bidaltzen den egutegia prestatu dute. Azken urte hauetako formato bera erabilita, hilabetea bitan zatitu dute. Goitiko orrialdean zonaldeko argazkiak sartu dituzte. Aurten Sunbillako Josetxo Apeztegiak utzitako argazkiak erabili dituzte eta erakundeek eskerrak eman nahi dizkiete, «hagitz egutegi polita ateratzea lortu baitugu».

 

Beheitiko zatia atal desberdinetan banatu dute:

- Dagokion hilabeteko egutegia handian dago eta gainean bi aldeetara aurreko eta ondorengo hilabeteak, hiruak batera ikusi ahal izateko

- Egutegian hondakin berezien bilketa egunak sartu dituzte, bakoitzak jakiteko noiz joanen den bere herrira. Horretaz aparte ilargien inguruko informazioa ere sartu dute eta Mankomunitateek hiru hilabetetik egiten duten zozketaren oroitzapena ere bai.

- Azpian, hilabetero, Traste handien bilketaren telefonoa ere sartu dute. Oroitarazi nahi dute DEBEKATUTA DAGOELA TRASTE HANDIAK KALEAN UZTEA. Telefono horretara deitu behar da eta etxetik pasatzen dira, doako zerbitzua eskainiz.

- Ezkerreko zutabean hilabetero hilabetero hondakinen inguruko informazio interesgarria eman dute, baita baratzeko lanen ingurukoa ere.

Ohiko informazio eta eduki hauetaz gain, hainbat berrikuntza baditu aurten egutegiak:

- Hondakin bereziak biltzeko etxolen inguruko informazioa

-  Otsailean eta martxoan bi QR kode, ontzien eta kartoiaren inguruko bi bideotara eramaten dutenak.

- Egutegi biodinamikoan, konpostaren erabileraren inguruko hainbat zehaztasun…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun