Denera 30 idazlan aurkeztu dituzte Iruñeko Udalak antolatutako lehiaketara, horietatik 13 poesiakoak, 11 narrazio labur eta 6 bertso-paper. Kategoria bakoitzean lehen saria 2.500 eurokoa da, bigarrena 1.000 eurokoa eta hirugarrena 500 eurokoa eta 250 euroko aipamenak ere banatu dituzte.
Bertso-paperetan, Berako Julen Zelaieta Iriartek lortu du lehen saria “Maite zaitugu Aizpea” lanarekin. Epaimahaiaren arabera, “egileak abilezia erakusten du gaurkotasun handiko gai bati –haurren transexualitatea– umorez eta aldi berean seriotasunez heltzeko. Azpimarratzekoa da bertsoen kalitatea, bai eta egileak erakutsitako trebezia hautatutako gaiari hasieratik amaierara arte koherentziaz heltzeko. Horrez gain, atzean dokumentazio lan ikaragarria dagoela ikusten da eta, aldi berean, egilea gai izan da azpimarratzeko halako gai baten inguruan oraindik ere gizarteak dituen estereotipo eta aurreiritzi korapilatsuak”.
Bigarren saria Eneko Fernandez Maritxalar lesakarrak lortu du, ‘Sanfermin 1978” bertsoengatik.
Poesian, lehen saria Irati Majuelok eskuratu du, bigarren sariaAmets Arangurenek eta hirugarrena Oihane Zuberoak. Aipatzekoa da Maialen Sobrino Lopez elizondarrak aipamen berezia jaso duela, ‘Hartu emeki’ lanarengatik.
Narrazio laburretan Izaskun Etxeberriak lortu du lehen saria, Saioa Alkaizak bigarrena eta Nerea Baldak hirugarrena. Aipamen bereziak izan dira Garazi Arrula eta Julen Azkonaren lanendako.