Arau berriak proposatzen duen erreforma eskumen-banaketa argian, udalaz gaindiko erakunde gehiegi sortzea arautuko duen toki-azpiegitura bat ezartzean eta finantzaketa-eredu berri bat ezartzean oinarritzen da, finantza-nahikotasunaren, aurrekontu-jasangarritasunaren, elkartasunaren, toki-autonomiaren eta lurralde-orekaren printzipioekin bat etorriko den finantzaketa-eredua, hain justu.
Proiektuaren asmoa da toki-zerbitzuen estaldura eta kalitatea hobetzea, subsidiariotasun-printzipioan oinarrituta; hau da, «zerbitzu bakoitza herritarrengandik gertuen dagoen erakundeak ematea, behar bezala ematen duela bermatzen bada, betiere».
Elizalde kontseilariak adierazi duenez, «alderdi politiko guztiak daude ados 25 urte zehazteke daramatzan Nafarroako toki-administrazioa berrantolatzearekin. Orain arte, denboraren bilakaera eta aldaketa sozialak, ekonomikoak, demografikoak eta teknologikoak sektoreka eta unean-unean jorratu dira, baina erantzun globala eta sistematikoa eskatzen zuten, bere eskumenak gauzatzeko eta bere zerbitzuak eraginkortasunez emateko gai den toki-administrazio bat izan dezaten nafarrek».
Isabel Elizaldek azpimarratu du aurreproiektua bi urte iraun duen parte-hartze prozesu bizi baten emaitza dela. «Aldaketa behetik iritsi da. Udal hautetsiek araua egiten parte hartu dute, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak koordinatuta, solaskide gisa jardun baitu toki-erakundeekin beren eskaerak eta proposamenak planteatu dituztenean», adierazi du. Gobernuko departamentuek sakonki aztertu dituzte zerbitzuak eta eskumenak, eta toki-administrazioaren sektoreetan adituak diren pertsona askoren iritzia jaso da, zeinek beren ikuspegia eta ezagutzak eman baitituzte aurreproiektua egiteko.
11 eskualde
Toki-antolaketak udalen zentraltasunean oinarritzen segitzen du. Kontzejuen esleipenak bere horretan utzi eta ordenatu egin dira, eta figura berri bat sortu da, eskualdea, zeina udalaz gaindiko zerbitzuak emateko erreferentziazko erakunde gisa eratu baita. Eskualdeek egungo partzuergo sektorialak eta administrazio-zerbitzuen multzoak xurgatuko dituzte.
Nafarroako lurraldea 11 eskualdetan egituratzen da:
Arga, Bidasoa, Ega, Irati-Aragoi, Larraun-Leitzaran, Pirinioa, Erribera, Erriberagoitia, Sakana, Izarbeibar-Novenera eta Erdi Aldea. Haietako hirutan azpieskualdeak ezar litezke: Argan (Arroa eta Haranak), Irati-Aragoin (Aurrepirinioa eta Zangoza) eta Egan (Jurramendi eta Lizarra aldeko Erribera), hala erabakitzen badute bertako udalek. Toki Administrazioko zuzendari nagusi Xabi Lasak azaldu duenez, «prozesuan zehar adostu diren 11 eskualdeetako batekoak izan beharko dute udal guztiek, baina ez dute zertan hasieran esleitu zaienekoak izan. Mugan dauden udalek eska dezakete esleitu zaien eskualdea aldatzea baldin eta aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte».
Bost eskumen hartuko dituzte beren gain: uraren goi-hornikuntza, udalaz gaindiko hondakinen kudeaketa, gizarte-zerbitzuen kudeaketa, eskualde-mailako lurralde-antolaketa eta 1.500 eta 3.000 biztanle baino gutxiagoko udalen Idazkaritza eta Esku Hartzea antolatzea, hurrenez hurren. Eskualdeek lege hau onartu eta urtebete igaro baino lehen hasi behar dute eratzen.
Xabi Lasak argitu du, halaber, «eskualdeetan integratzen diren egungo toki-erakundeetako langile, funtzionario eta kontratatu administratibo guztiak erakunde horiek subrogatuko dituztela, integrazioaren unean indarrean dauden kontratu-baldintzetan».
Finantzaketa berria
Erreformak toki-finantzaketarako eredu berri bat ekarriko du, eta haren berri eman du Toki Administraziozko zuzendariak.
Toki Ogasunen Funtsa Nafarroako Ogasun Publikoaren zerga-sarreren urteko ehuneko finko baten arabera ezarriko da. «Oraindik ez da zehaztu ehunekoa, baina ezingo da %10 baino txikiagoa izan. Kopuru zehatza 2018ko abendua baino lehen onartu beharko da, gaur egun "inpropiotzat" edo "zalantzazkotzat" jotzen diren eskumenak esleitzen direnean».
Aurrerantzean, ez da bereiziko Transferentzia Arrunten Funtsaren eta Kapital Transferentzien Funtsaren artean, baizik eta banaketa-egitura bakar bat egongo da:
zati bat Nafarroako Gobernuak diseinatzen dituen plan gidariei lotutako obrak finantzatzeko; beste bat zerbitzu jakin batzuetarako moduluetan banatua, «non lurralde-desberdintasunak eta beste alderdi batzuk izango baitira kontuan»; eta nahieran zehazteko kopuru bat.
Hauek izango dira berariazko beste finantzaketa-ildo batzuk: montepioak, hiriburutza-agiria, kargudun publikoen ordainsaria eta toki-erakundeen finantzaketa.
Finantzaketa berri horretan, nahitaezko baldintza izango da katastro-txostenak eguneratuta egotea.
Aldaketak egiteko aukera
Testua publikoki erakutsiko da 20 egunez Gobernu Irekiaren atarian; beraz, urtarrilaren 9ra arte egin ahal izango dira ekarpenak.
Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren hitzetan, «aurreproiektua ez dago itxita, eta, horrenbestez, hobetu daiteke. Datozen asteetan, Nafarroako udalek, elkarteek eta alderdi politikoek egin nahi dituzten proposamenak jaso eta negoziatu nahi ditugu, lege-proiektua aberasteko. Erronka handia dugu esku artean, eta aurrera atera nahi dugu eraginpean dauden eragile guztien parte-hartzearekin. Nafarroari ikuspegi global eta integral batetik begiratzeko unea da, ikuspegi partikularretatik edo murritzetatik begiratu beharrean. Ea lortzen dugun».