Kirol Merezimenduaren Urrezko Dominak jaso dituzte Abel Barriola eta Juan Martinez de Irujo pilotari ohiek

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 4a, 07:10

Abel Barriola eta Juan Martinez de Irujo, dominak jaso ondotik, Uxue Barkos Nafarroako presidentearekin, Nafarroako Parlamentuko presidentearekin eta Herrera kontseilariarekin.

Nafarroako Gobernuak emandako Zilarrezko Dominetako bat, berriz, Patxi Ordokik eskuratu du, pilotaren alde egindako lanarengatik 

Nafarroako Gobernuak Kirol Merezimenduaren bi Urrezko Domina eman ditu aurten abenduaren 1ean, Nafarroaren Egunaren harira. Hain zuzen, Abel Barriola eta Juan Martinez de Irujo pilotari ohiek jaso dute. Bertze 24 Zilarrezko Domina ere eman ditu Uxue Barkos presidenteak. Horien artean, Patxi Ordokik jaso du bat, 30 urtez pilotaren alde egindako lanarengatik.

 

Sariak Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan banatu zituzten abenduaren 1ean, Nafarroako Egunaren ekitaldien programaren esparruan. Bertan, parte hartu zuten, baita ere, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárezek; Kultura, Kirola eta Gazteriako kontseilariak, Ana Herrerak; INDJko zuzendari kudeatzaileak, Ruben Goñik, eta Kiroleko zuzendariordeak, Primitivo Sánchezek.

Barkos Lehendakariak, lehenik eta behin, bi pilotari ohiak aipatu zituen, eta Nafarroan kirolaren bi erreferenteak direla erran zuen, ez soilik haien palmaresarengatik, pilotalekuan barruan nahiz kanpoan duten izaerarengatik baizik. «Zuen etengabeko apaltasuna, nortasuna eta hurbiltasuna ez da batere aldatu arrakasta-maila handiak lortu dituzuenean. Eta horrek guztiak denok dakigun mirespena sortu du», azpimarratu zuen.

Abel Barriolaren inguruan adierazi zuen hiru pilota-txapelketa irabazi dituen pilotari gutxienetariko bat dela, baina batez ere ibilbidean zehar izan dituen balioak nabarmendu zituen: «profesionaltasun eta egoten jakite izugarria, galdutakoan nahiz irabazitakoan».

Eskerrak ematerakoan, Abel Barriolak ziurtatu zuen pilota nafar guztiak batzen dituen kirola dela, eta kirol-sari horiek jarri izana goraipatu zuen, «politikariek kirolarekiko eta, ondorioz, gizarte osoarekiko, duten hurbiltasuna eta berotasuna erakusten baitute». Ildo horretan, deia egin zuen «haurrak Nafarroako kirolariengan arreta gehiago jartzea lortzearren eta ez soilik ekipo nagusien futbol-partidetan eta jokalari izarren itxura fisikoan».

Bertze 24 Zilarrezko Domina ere banatu ditu Gobernuak, zuzendaritza arloan edo arlo teknikoan 25 urte baino gehiago eman dutenei. Horien artean dago Patxi Ordoki Larretxea. Sortzez aranztarra, 30 urte baino gehiago eman ditu pilota sustatzen Txaruta edo Erreka bezalako klubetan, baita Nafarroako Pilota Federazioan ere.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun