Begiraleendako hizkuntza prestakuntza saioa eskainiko dute abenduaren 28an eta 29an Donezteben

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 1a, 14:22

Baztan, Malerreka eta Bortzirietako hezitzaile, begirale eta entrenatzaileei zuzendua, Dindaia Fundazioaren eskutik 

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak begiraleendako hizkuntza prestakuntza ikastaroak antolatu ditu. Horietako bat Donezteben izanen da, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako hezitzaile, begirale eta entrenatzaileendako, abenduaren 28an eta 29an.  Ikastaroa Dindaia Fundazioak emanen du ‘Begiraleak eragile: Euskarazko sozializazioa sustatzeko ikastaroa’. Baztango Udalaren, Malerrekako Mankomunitatearen eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntza izanen du 9 orduko ikastaroak.

Interesa dutenek Baztan (948 580006/euskara@baztan.eus), Malerreka (948 451746/ euskarazerbitzua@malerreka.infolocal.org) edo Bortzirietako (948 634125/euskara@bortziriak.eus) euskara zerbitzuetan eman behar dute izena. Epea abenduaren 21ean bukatuko da eta plazak izena emateko hurrenkeran beteko dira. Guttienez 10-12 lagunek eman behar dute izena ikastaroa egin dadin eta gehienez 25 onartuko dira. Parte-hartzaileei Nafarroako Gobernuak argitaratu duen gida banatuko zaie eta ikastaroan parte hartzen duten guztiek agiria jasoko dute.

Abenduaren 28an, ortzegunean, 11:00etatik 14:00etara eta abenduaren 29an, ortziralean, 11:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:30era eskainiko dute Doneztebeko Herrigunean (Santa Luzia plaza).

Edukiei dagokienez, Hezitzaileendako Nafarroako Gobernuak argitaratutako Gidaren aurkezpena eginen dute. Nafarroako euskararen egoera eta oinarri soziolinguistikoak ageri dira bertan. Aisialdiko jardueretan euskara sustatzeko estrategiak eta teknikak landuko dituzte eta euskara sustatzeko baliabideak eta ondorioak aztertuko dituzte.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun