Nafarroaren eguna ospatzeko, eskualdeko zenbait herritan, kontzertuak izanen dira

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 30a, 07:00
Nafarroaren Egunaren harira, Doneztebeko eta Elizondoko abesbatzek ez ezik, Tuterako Griseras eskolako eta Berriozarko Elkarrekin Abesbatza izanen dira

Abenduaren 3an, Nafarroaren Egunaren harira, eskualdeko zenbait herritan kontzertuak izanen dira ikusgai.

Beran, erraterako, Tuterako Griseras eskolako abesbatzaren kontzertua izanen dute; Lesakan Berriozarko Elkarrekin Abesbatzarena; Donezteben Mendi abesbatzaren emanaldia; eta Baztanen Elizondoko Musika Bandarena. 

 

 

Nafarroako Gobernuak antolatuta eta Berako Udala eta Berako Kultur Batzordearen laguntzaz, Griseras eskolako abesbatzak, Pedro Pablo Garijo Cruzen gidaritzapean, Berako San Esteban Elizan eskainiko du kontzertua, 13:00etan. Griseras abesbatza, izen bera duen eskola publikoaren abesbatza da, 100 ikasle eta ikasle-ohik osatzen dutena. Jolas orduetako entseguek indarra hartu ahala, sendotzen joan den taldea izaki, 2011n Griseraseko Haur Abesbatza sortu zuten, eta pixkanaka, geroz eta gehiago dira urtean parte hartzen duten jardueren kopurua.

Lesakako San Martin parrokian, eguerdiko 12etan, aurten 40 urte bete dituen Berriozarko Elkarrekin Abesbatzaren emanaldia izanen da. Badira urte batzuk abesbatza horrek Nafarroaren Egunean kontzertua eskaintzen duela eta aurtengoan Lesakan eskainiko dute.

Doneztebeko Elizan,  berriz, bi gai izanen dituzte: batetik, Nafarroa bera; eta bertzetik, Euskara. Izan ere, Abenduaren 3a, Nafarroaren Eguna ez ezik, Euskararen Nazioarteko Eguna da. Horrela bada, nafar konpositoreen lanak (L. Ondarra bakaikoarra, F. Moreno-Torroba Doneztebarra edota Jesús Sorozabal Iruñarra tarteko) eta Euskalgintzaren inguruko hainbat doinu ezagun abestuko ditu Mendi Abesbatzak.

Azkenik, Nafarroako Gobernuak antolatzen duen Nafarroarren Eguneko ekintzen barrenean, Elizondoko Musika Bandak Arizkunenean eskainiko du kontzertua. Beraz, alde batean zein bertzean, ahotsak berotu eta kantu kantari ospatuko dute Nafarroaren Eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun