Egungo gizartean, eleaniztasuna gero eta gehiago baloratzen den testuinguruan, Nafarroako familia askok aukeratzen du euskarazko irakaskuntza, beren seme-alabek etorkizunean aukera gehiago izanen dituztela pentsatzen dutelako.
Familia horien ingurunea askotarikoa da; familia batzuk euskara asko erabiltzen den eremuetan bizi dira, bertze batzuk euskara horrenbeste erabiltzen ez den tokietan. Horretaz gain, haur horien familiak ere era askotakoak dira, zenbait kasutan familia osoak euskaraz daki, beste zenbaitetan, aldiz, ez.
Euskaraz ikasten duten haurren guraso anitzek, euskaraz jakin ala ez, toki-entitateetako euskara zerbitzuetara jotzen dute hainbat zalantzekin. Guraso horien helburua argia da; seme-alaben hizkuntza-garapenean nola lagundu jakin nahi dute.
Ekimenaren helburua
Eskaera horiek kontuan hartuta, Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuek sortu dute era.eus webgunea euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko eta seme-alaben ikas-prozesua osatzeko.
Haurrek, ikastetxeetan, dagokien adinerako ezagutzak eta gaitasunak jasotzen eta garatzen dituzte, baina euskarak gizartean duen presentzia desorekatua da. Hori kontuan hartuta, ezagutza eta gaitasun horiek eskolaz kanpo ere indartzea komeni da, erraterako, etxean, kultur jardueretan edo eskolaz kanpoko jardueretan.
Zalantza horietako asko bulegoetan, edo antolatzen diren bestelako jardueretan, argitu behar dituzte euskara zerbitzuetako langileek. Hemendik aurrera zalantzak horrela argitzeaz gain, webgune honen bitartez ere eginen da. Horretaz gain, gurasoentzako interesgarria izan daitekeen bestelako informazioa ere emanen da.Familiek dauzkaten beharrek eta helarazitako eskaerek aberastuko dute webgunea eta, denon artean, belaunaldi berriak euskaraz hazteko bidea urratu nahi dute.
Webgunearen eduki garrantzitsuenak
Aipatu den bezala, webgunearen bidez euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaini nahi zaizkie. Helburua asebetetzera bidean, honakoak dira webguneko zatirik esanguratsuenak:
- Gurasoen ohiko zalantzak argitzeko informazioa ematea.
- Haurrendako prestatutako edukien bilduma egitea: ipuinak, jolasak, musika, aplikazioak…
- 0 eta 12 urte bitarteko haurrentzat eskolaz kanpoko jardueren bilduma: kirola, ikastaroak, ludotekak…
- Haurrentzako euskarazko eskaintzaren berri emanen duen agenda, eskualdeka antolatua.