Film laburren V. Lehiaketa antolatu du Gozamenez Programak

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 1a, 18:00
V. Film-labur lehiaketa

12 eta 25 urte bitarteko gazteria nafarrari bideraturiko V. Lehiaketa antolatu dute, Gozamenez Programaren baitan.

Gozamenez Programak "Gozamenez, cortos, Con mucho gusto" aurreko edizioaren arrakasta ikusirik, bortzgarren film-laburren lehiaketa antolatu du. Autengoan, "Zuk nola gozatu eta disfrutatzen duzu?" galderari erantzuten dioten film-laburrak bildu nahi dituzte. Lehiaketaren helburua norberaren bizipenak eta sexualitateari buruzko ikuspegiaz hausnartu eta aniztasuna bilduz, pertsonen garapen globala lortzeko, ikuspegia zabaltzea da.

Eskualde bakoitzeko parte-hartzaileek teknikari bat izanen dute, film laburra pentsatu eta sortzeko prozesuan lagunduko diena. Leitza eta Goizuetan Virginia Landiribar (leitza.tmartinez@infolocal.org) eta Bortzirietan Arantza Gamio (ssblesaka.agamio@infolocal.org) izanen dira teknikariak.

Parte-hartu nahi dutenek azaroaren 1etik abenduaren 22ra bitarte eman beharko dute izena. Film laburraren ekoizpen eta aurkezpena martxoaren 23an izanen da. Apirilaren 9tik 29ra bitarteko bozkak bildu ondotik, maiatzaren 3an banatuko dira sariak.

Informazio gehiagorako bisita ezazu www.gozamenez.com ataria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun