Baigorriko Etxauzia proiektuak laguntza jaso du

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 28a, 13:00
Baigorriko Etxauzia gaztelua.

 

Baigorriko Etxauzia proiektuak 400.000 €-ko laguntza jaso du. Proiektu horrekin Etxauzia gaztelua Nafarren etxea eta euskaldunon sarea izatea lortu nahi da.

Laguntza horrekin helburua asebetetzera bidean, lehen urratsak ematea lor dezakete. Batetik, Etxauzia gazteluaren erosketa egiteko sozietate bat sortu nahi dute. Horrela, beharrezkoa den dirua bilduta, egitura hori Gazteluaren jabe izanen baita. Elkartea bera egitura horren barne izanen denez, Etxauzia Gaztelua herriari itzultzen zaiola ziurtatuko da. Hala, herritarrak izanen dira gazteluaren jabeak.

Bestetik, Etxauzia proiektua saretzen, aurkezten, biziarazten eta zabaltzen segituko dute: «sekulan baino indar handiagoz, Etxauzia gazteluaren inguruan osatzen ari giren komunitatea sendotzen segituko dugu, ekonomia, kultura, ondarea eta diasporan oinarritutako proiektua egunetik egunera biziago eta zabalago eginez», azpimarratu nahi izan dute.

Proiektuaren sustatzaileek, Nafartarren Etxea Elkarteak, eskerrak eman nahi izan dizkiete «Etxauzia proiektuaren alde inplikatu diren euskal herritar guzier: gure proiektuaren berri emanez, gure ekitaldietara jinez, beren herri eta inguruetan diru bilketa kanpainak antolatuz, sare sozialetan gu segituz, beren diru ekarpena eginez... Eskerrak ere babesleer, eta gure proiektuari lotu diren eragile, enpresa, erakunde eta instituzio guzier ere».

Ekimenez betetako ibilbidea

2017ko maiatzaren 13an, Etxauzia gazteluan egin “Hordago Ardoa” ekimenarekin abiatu zen “Zabal eta Bizi”, Etxauziaren proiektua Euskal Herrian eta Diasporan hedatu eta dirua biltzeko kanpaina.  Handik hamar egunetara hasi ziren diru bilketan, baina aitzinetik, lan handia egin zen. “Euskaldun bat euro bat” kanpainaren segidan, 2017ko urtarrilaren 28an Etxauzia Nafartarren Etxea Elkarteak Baigorrin egin Biltzar Nagusian, proiektuarekin segitzea, eta fase berri batera pasatzea, erabaki zuen.

Ondoko hilabeteetan, hainbat urrats eman ziren. Hegoaldeko hiriburuetan aurkezpen zabalak egin ziren, lekuko eragileekin eta herritarrekin; Donostiako Tabakaleran, Gasteizeko Oihanederren, Bilboko Biban, eta Iruñeko Katakraken. Ehunka lagunek hartu zuten parte beraz ekimen horietan, eta elkarlanerako aukera ugari sortu ziren.

Euskal Herriko eskualde ainitzetan Etxauziaren aldeko lagunak gure proiektua zabaltzeko prest agertu dira. Zestoan, Larrabetzun, Anoetan, Lesakan, Errenterian, Durangon, Zarautzen, Arrasaten, Bilbon, Iruñean, Donostian, Hendaia, Baionan, Ziburun…

Artista, pertsona ezagun eta sortzaile anitzen babesarekin osatu ditugu ekimenak: Irantzu Lekue artistaren ekarpena, Jagoba Astiazaran musikarirena, Bernardo Atxaga eta Anarirena, eta sustengua eta babesa publikoki eman diguten sortzaile ugarirena. Oraino, proposamen anitz eskuratzen ari da Etxauzia, ekimenak antolatzeko.

Saretzen eta eraikitzen segitzea dute helburu

Heldu diren hilabeteetan, Etxauziak bere saretze lanarekin segituko du. Oraindik bada zer bildu, zer eraiki, zer egin Etxauzia gaztelua herritarrei itzuli ahal izateko. Zabal eta Bizi lemarekin, beraz, hainbat ekimen, aurkezpen eta hitzarmen iragartzeko prest izanen dira laster. Izan ere, «milaka euskaldunen sustenguarekin, segur gara Etxauzia Gaztelua erosi eta herriari itzultzen ahalko diogula, zabaldu eta bizitzeko, bizitzeko eta zabaltzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun