Bidasoko arroa babesteko bertze protokolo bat sinatu dute Bertizen

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 23a, 09:05
Eva García eta Martín Urdánoz, Life Irekibaiko Jarraipen Batzordeko beste kide batzuekin.

"Nazas del Bidasoa" Arrantzaleen kluba ibaia zaintzeko eta hobetzeko lankidetza-eredu honetan sartu da

Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak eta Nazas del Bidasoa Arrantzaleen Klubak Nafarroako Ibaiak Zaintzeko bigarren protokoloa sinatu zuten urriaren 20an Bertizen, Bidasoa ibaiaren ingurua babesten elkarrekin lan egiteko, eta arroko Natura 2000 Sareko eremu babestuen esparruan aritzeko. Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako zuzendari nagusi Eva Garcia Balaguerrek eta klubeko lehendakari Martín Urdánoz Ervitik sinatu zuten hitzarmena. 

 

Nafarroan egiten den ezaugarri honetako bigarren akordioa da, joan den abuztuan Baztango Ehiztari eta Arrantzaleen Kirol Elkartearekin ibaiak zaintzeko lehen protokoloa sinatuta Baztan-Bidasoa eta Leitzaran ibaien inguruan, eta arroko Natura 2000 Sarearen eremu babestuen esparruan (Bertizko Jaurerria, Belate eta Artikutza).

Ekimena LIFE-IREKIBAI Europako proiektuaren barruan sortu da, eta azken urtean Nafarroan egindako arrantzaren partaidetza-prozesuaren ondorioak jasotzen ditu. Bere helburua da herritarrek ibaien kontserbazioan eta hobekuntzan, eta aipatutako arroko Natura 2000 kontserbazio-eremu berezien kudeaketan parte hartzea, Ingurumeneko Zuzendari Nagusi Eva Garcia Balaguerrek protokoloa sinatu duen ekitaldian adierazi duen moduan. Horrez gain, hauxe azpimarratu du: «elkarlaneko ereduak formalizatzen jarraitu nahi dugu, gure komunitateko ibai-inguruetan proposatzen diren antzeko ekimenetarako suspergarriak izateko». 

Ate Irekien Egunak ere gogoratu ditu Lesakako Nasara eta Oronoz-Mugairiko piszifaktoriara bisitak egiteko. Horiek, azaroan izanen dira, eta han egiten den lana ezagutzera emango dute: "Gure instalazioetan egiten den lana ongi ezagutzea nahi dugu, horrela, gure ibaien ingurumen-errealitatera hurbilduko garelako".

Bertzalde, Nazas del Bidasoa Arrantzaleen Klubeko lehendakari Martin Urdanoz Ervitik adierazi du elkarteak interes handia duela Ingurumenarekin lankidetzan aritzeko. «Oso garrantzitsua da guretzat arrantzaleen elkarteak elkarlanean aritzea eta gure ibaien hobekuntzan parte hartzea», adierazi du.

 

Konpromisoa hartutako arrantzaleak

Kluba irabazi-asmorik gabeko erakundea da. 2015. urtean hasi zen jarduten eta askotariko arrantzaleen elkarte dinamikoa da. Bidasoa ibaia zaintzeko eta hobetzeko ekimenak sustatzeko gogo handia du. Protokolo hau sinatuz Nafarroako arrantza-elkarteekin egiten ari den arrantza-kudeaketan elkarlana finkatu nahi du, eta bazkideen eta herritarren artean ingurumena kontserbatzeko eta zabaltzeko jarduera gehiago egin nahi dira. Horrenbertzez, balio ekologiko horiek gordetzea da helburua, arrantza-espezieen eta arroko habitaten onurarako; baita eragindako herritarako ere.

Nazas del Bidasoa Arrantzaleen Kirol Klubarekin sinatutako lankidetza-protokolo honek bideak ezartzen ditu elkarri aholku emateko eta arrantzaleentzat, ibaiaren beste erabiltzaile batzuentzat eta bertako biztanleentzat sentsibilizazio-ekintzat egiteko, arrantza iraunkorraren eta arrantza tradizionalaren kontzeptuak zabalduz. Era berean, akordio hauen barruan, informazioa eta dokumentazioa trukatzea proposatzen da.

Akordioak Basozainekin elkarlanean aritzea barne hartzen du, ibaiarekin lotutako espezieen azterketa teknikoak, lursailari buruzko ekintza jakinak edo espezie basatien egoera hobetzeko ekintzak egiteko. Klubak boluntario egonkorren sare bat formalizatzeko eta ibai-ekosistemaren eta arrantza-kudeaketaren hobekuntzak proposatzeko.

Zenbait eragile historiko eta geografiko direla eta, Bidasoa ibaiak bere jarraitutasuna eteten duten hainbat eragozpena metatu ditu. Horren ondorioz, ekosistemak aldatu dira eta espezierik ahulenen (erdi uretakoak diren ugaztunak, hala nola bisoia edo desmana, eta zenbait arrain, izokina esaterako) banaketa-eremua murriztu edo zatitu da. Horrez gain, isolamendu genetikoa eta beste eragin batzuk direla eta, ezinbestekoa da elkarlanean aritzea, haien jarraitutasuna eta berreskuratzeko gaitasuna bermatzeko eta egon daitezkeen presio berriei aurre egiteko.

Arrantza jarduera interesgarria da landa-ingurunerako, eta ehunka zale ditu Nafarroa osoan. Beraz, ezinbestekoa da kontserbazio-politiko publiko nahiz pribatuak arrakastatsuak izateko partaidetza erantzulea izatea. Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak bertako biztanleekin lan egiteko politikarekin jarraitzen du, ibaien zainketa sustatzeko, landa eta natura ingurunea ere zaintzeko helburuarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun