Urriaren 26an hasiko da Errigoraren kanpaina berria

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 19a, 11:03

Aurtengoak herrilana izanen du lelo nagusia eta aitzinekoetan bezala, kanpaina Nafarroa hegoaldeko euskararen normalizazioari laguntzeko izanen da. Azaroaren 14a izanen da eskaerak egiteko azken eguna.

Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka Errigoraren kanpainak aitzinera segitzen du. Aitzineko ikasturtean, euskal herrien artean zubiak erakitzeko erronka hartu zuen Errigorak. Antolatzaileen arabera, «zubiak eraiki ditugu kontzeptu ustez apartekoen eta bereizitako eremuetako ekintzaileen artean. Lurra eta euskara lotu ditugu. Auzolana eta elikadura-burujabetza. Nekazariak eta euskaltzaleak. Ekoizle eta kontsumitzaile arduratsuak». Eta aurtengo ikasturtean ere, zubigintzan segitzeko asmoa du Errigorak, «zubiak gurutzatzen segituz eta zubi berriak marraztuz».

Urriaren 26tik azaroaren 14ra bitarte garatuko dute kanpaina, eta eskaera internetez egiteko aukera ere izanen da. Horrez gain, Errigorako karpa bat ibilikoda herriz herri, eta eskualdetik ere pasako da.

Kutxa zuria eta beltza

25 ekoizle bildu dituzte Errigoraren kutxetan, Nafarroako produktuekin osatuak. Bi kutxa izanen dira aukeran, zuria eta beltza, biak ere 50 eurotan. «Beltza Errigoraren hastapenetakoaren harira» izanen da, eta «zuria berrikuntzak biltzen dituena».

Dirua Nafarroako hegoaldeko euskalgintzarentzat

Nafarroa hegoaldeko euskalgintzarentzat «hauspoa» izatea nahi dute aurtengo kanpaina ere. Alde batetik, Errigoratik adierazi dutenez, «Nafarroa hegoaldeko euskaltzaleentzat erakusleihoa eta indarberritzea izanen da diru-ekarpena». Aldi berean, Lodosa, Tutera eta Vianako ikastolen biziraupenerako ere bai, baita Erriberako AEK indartzeko eta D ereduko lerroak babesteko eta zabaltzeko dinamikak biderkatzeko ere. Azkenik, «euskaldunak sortzeaz gain euskaraz bizitzeko espazioak irabazteko egitasmoak, euskara plazaratzeko eta jarrera baikorrak areagotzeko ekimenak eta euskaltzaleok batera aritu eta harremanak sendotzeko ohiturak abiatu genituen. Ideia mamituz doa baina zubiak marraztu beharra eskatzen du oraindik. Horretarako ere izanen da aurtengo diru-ekarpena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun