Mieltxo Mindegia eta Ruben Saralegi Euskal Herriko bigarren mailako aizkora txapelketako finalean izanen dira

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 9a, 11:14

Urriaren 29an Azkoitiako finalean ariko den seikotea. Argazkia: Ibon Errazu Uria

Zigako Joxean Etxeberria eta Berako Oihan Larretxea, aldiz, kanpoan gelditu dira.

Arostegiko Julen Kañamaresek irabazi zuen larunbatean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu zen Euskal Herriko bigarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketa. Berekin batera, Mieltxo Mindegia zubietarrak, Ruben Saralegi leitzarrak eta Mugertza III, Mujika eta Zaldua gipuzkoarrek lortu zuten urriaren 29an Azkoitian jokatuko den finalerako txartela.

 

Hiru kana-erdiko eta oinbiko eta 60 ontzako enbor bana mozteko 14 minutu eta 50 segundo behar izan zituen Kañamares III.ak. Mieltxo Mindegiak bost segundo gehiago behar izan zituen (14:55); Aratz Mugertza izan zen hirugarren (15:01), Mujika laugarren (15:03), Zaldua bosgarren (15:16.56) eta Ruben Saraegi seigarren (15:16.68). Beraz, sei lehenbizikoak minutu erdiaren barrenean sartu ziren eta horrek erakusten du lehia estua izan daitekeela hilaren 29ko finalean.

Lehi horretatik kanpo gelditu ziren Zigako Joxean Etxeberria (15:41), Oier Kañamares (16:27), Arkaitz Jauregi (17:04) eta Oihan Larretxea beratarra (18:01). Arazo fisikoak direla eta, Arria V.a ez zen aritu Azpeitian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun