Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan. Gainera, Udako Euskal Unibertsitatearen, Nafar Ateneoaren, Eusko Ikaskuntzaren, Arturo Kanpion Euskaltegiaren eta Karrikiri elkartearen sustatzaile ere izan zen, beste egitasmo askoren artean. Era askotako ekimenak sustatu eta babestea xede, Euskokultur Fundazioa eratu zuen 2000. urtean, Maria Josefa Fernandezekin batera. Fundazio haren egoitzak ematen dio aterpe Nafarroako Bertsozale Elkarteari.
Osotara, 16 eta 30 urte bitarteko hemezortzi bertsolarik eman dute izena BERTSOKABI – Eugenio Arraiza Sariketan. Bikoteka ariko dira bertsolariak, zozketak erabakitako moduan. Guztira, lau saio izango ditu sariketak (hiru kanporaketa eta finala). Kanporaketa bakoitzean gailentzen den bikoteak lortuko du finalerako pasea.
Egitaraua
Lehen kanporaketa urriaren 5ean, 19:30ean jokatuko da Iruñerriko Suberri tabernan: Iker Gorosterrazu iturendarra eta Ander Baiano; Alazne Untxako iturendarra eta Irati Majuelo; eta Patxi Castillo beratarra eta Egoitz Gorosterrazu iturendarra izanen dira hiru bikoteak.
Bigarren kanporaketa urriaren 11n, 19:30ean eginen dute Iruñeko Herriko Tabernan: Joanes Illarregi leitzarra eta Ekain Alegre; Josu Sanjurjo lesakarra eta Iñigo Gorostarzu; eta Mikel Lasarte eta Idoia Granizo izanen dira hiru bikoteak.
Hirugarren kanporaketan Amaia Elizagoien oronoztarra eta Xabat Illarregi leitzarra; Saioa Alkaiza eta Aitor Irastortza; eta Saats Karasatorre eta Unai Artieda lehiatuko dira urriaren 20an, 20:30ean Barañaingo gaztetxean.
Aipatu bezala, kanporaketa bakoitzeko hiru bikote irabazleek jokatuko dute finala urriaren 26an, 19:30ean Iruñeko Arrano elkartean.
Hemezortzi bertsolariez gain, bertze lagun andana bilduko ditu sariketak egitasmoaren inguruan. Nafarroako eskualde eta bertso-1eskola ezberdinetako kideak aritu dira saioetarako gaiak prestatzen. Saioak epaitzeko ardura, ordea, publikoak hartuko du, ikusleen artean banatuko diren epaitze orrien bitartez.
Sariketa berri bat, Xalto Sariketa ordezkatzeko
Egun, Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Bardoak taldekako bertso ekimenarekin batera, bertsolari gazte eta hasiberrientzako sariketak dira Nafarroako Bertsozale Elkartearen sustapen arloko egitasmo nagusiak. Azken urteetan, txandaka, bi sariketa nagusi antolatu ditu elkarteak Nafarroan, Xalto Sariketa (Andres Narbarte ‘Xalto’ bertsolariaren omenez, Goizuetan) eta Izeta Sariketa (Mariano Izetaren omenez, Elizondon). 1992an antolatu zen lehenbizikoz Xalto Sariketa, eta hamairu edizio jokatu dira ordutik. Izeta Sariketak, aldiz, seigarren aldia izan zuen iazkoa. Xabier Silveira, Estitxu Arozena eta Julio Sotoren gisako bertsolariak, gerora Nafarroako txapeldun izandakoak, izan dira halako sariketetan txapeldun.
Hainbat arrazoi medio, Xalto Sariketa berriz ez antolatzea erabaki zuen iaz Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Bere tokian, edonola, sariketa berri bat martxan jartzeko hautua egin zuen elkarteak, eta egitasmo berri hori Iruñerrian txertatzeko asmoa nabarmendu zuen. Hala jaio da Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketa, aurten lehen aldiz ospatuko dena.