Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa eta bigarren mailako arpana txapelketa jokatuko dituzte irailaren 24an

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 22a, 11:15

Iker Vicente Ruben Saralegi eta Jon Rekondo, joan den urteko podiumean. Aurten ere finalean sartzeko lehian ariko dira.

Igande arratsaldeko 5:30ean Uharteko Toki-Alai pilotalekuan 

Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatuko dute irailaren 24an, igande arratsaldeko 5:30ean Uharteko Toki-Alai pilotalekuan. Azaroaren 17an, Doneztebeko ferietan jokatuko den finalerako bortz txartel izanen dituzte jokoan.

 

Aizkora kanporaketan zortzi aizkolarik hartuko dute parte: Iker Vicente (Otsagi), Juan Jose Lopez (Lezaun), Ruben Saralegi (Leitza), Jon Rekondo (Leitza), Donato Larretxea (Arantza), Julen Kañamares (Arostegi), Mieltxo Mindegia (Zubieta) eta Joxean Etxeberria (Ziga). Bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bana moztu beharko du. Lehen bortz sailkatuek azaroaren 17an, Doneztebeko ferietan jokatuko den finalerako txartela lortuko dute.

Ander Erasun aurtiztarrak eta Aitor Senosiainek txapelketa ez aritzea erabaki dute. Beraz, bi hauek maila galduko dute.

 

Nafarroako bigarren mailako arpana txapelketa

Jaialdi berean, Nafarroako bigarren mailako arpana txapelketa ere jokatuko dute bi bikotek: Gerendiaingo Esteban eta Martin Pikabeak eta Berriozarko Oier Aizkorbe eta Josu Huartek. Egin beharreko lana, etzanda jarrukotako 45 ontzako enborrari 10 epai eta zutik dagoenari 4 epai ematea izanen da. Txapelketa irabazten duen bikoteak heldu den urtean lehen mailan moztuko du; galtzen duenak berriz, bigarrenean aritu beharko du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun