Azken bi urteetan bezala, Nafarroako txapelketan azpitxapeldun izan ondotik lortu du Euskal Herriko txapela Fernando Etxegaraik. Hamekagarrena. Sei minutu eta 26 segundo behar izan zituen 1,25 metroko tartean jarritako 50 koxkorrak biltzeko. 22 segundoko aldea atera zion bigarren izan zen Aritz Martin bizkaitarrari (6:48) eta 25ekoa podiuma osatu zuen Iñigo Lasaga etxalartarrari (6:51). Zazpi minutu baino gehiago behar izan zituzten Aritz Ruiz arabarrak (7:05), Ignacio Gomez bizkaitarrak (7:07) Guillermo Lopez arabarrak (7:33.).
Emakumezkoetan, iaz bezala, Zuriño Frutos arabarra nagusitu zen (7:31). Maika Ariztegi iturendarrak bortz segundo gehiago behar izan zituen eta txapeldun orde izan ze (7:36). Zortzi minutu baino guttiago behar izan zituen emakume bakarrak izan ziren. Irantzu Onaindia bizkaitarra izan zen hirugarren (8:02), Garazi Arruti bizkaitarra laugarren (8:11) eta June Etxeberria nafarra bosgarren (8:13).